Euskararen egoera “zuria” unibertsitatean

karmele-aketxe-s
Karmele Artetxe

Euskara unibertsitatean presente badago ere, hainbat arrazoi eta faktore tarteko, oraindik ez dago normalizatuta. Horregatik, besteak beste, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile euskaldunok egoera konplikatua bizi dugu, edo behintzat hori sentitzen dugu euskaraz ere aritzen garenok. Izan ere, arrakasta akademikoa ez dago lotuta euskararekin, ezta egonkortasun laborala ere. Agian horregatik, orain, inoizko irakasle-ikertzaile euskaldun kontratatu gehien dagoenean unibertsitate desberdinetan, noiz eta orain, XXI. mendean, euskarazko goi mailako urteko produkzioa ez da hazten. Adibidez, Inguma datu-basearen arabera, 1985. urtean unibertsitate mailako 294 artikulu argitaratu ziren euskaraz, 1995ean 440ra iritsi ziren, baina 2005ean, 464 artikulu baino ez ziren kaleratu. Nonbait zerbait ez dabil ondo… eta buelta eman behar genioke nagusitzen ari den joera horri (ikus auzi honen inguruko datu eta grafiko gehiago Jakin aldizkarian, 2015. urtean, 207. zkia, 93-113. orr.)

Euskararen onarpen instituzionalaren garai honetan, apustu eta erronka berriak adostu behar ditugu unibertsitatean euskarak aurrera egin dezan. Ofizialtasuna ez da nahikoa, euskararen hizkuntza komunitatea (hiztunak eta hizkuntza) garatzen jarraitzeko. Euskarak unibertsitatean errotu behar du, Komunitate Zientifiko Euskaldunak behar duelako, baita ikasleriak ere, eta noski hizkuntzak. Izan ere, euskara unibertsitatean errotu ezean, nekez bermatuko dugu goi mailako euskarazko produkziorik, eta gero eta arrotzagoak egingo zaizkio euskarari esparru eta gai akademikoak. Horretarako, ordea, euskaratik pentsatutako unibertsitate politikak eta hizkuntzaren bilakaera sozial zein linguistikoari egokitutako ebaluazio irizpideak behar dira. Zeregina badugu!

Karmele Artetxe Sanchez
UPV/EHUko Bilboko Irakasle Eskolako Irakaslea