Sua

Jon Iradi
Jon Iradi
Karmele Lopez de Ipiña
Karmele Lopez de Ipiña

EHUn, egunero, prekarietate eta injustitzia egoera ugarien aurrean aurkitzen gara eta Desmond Tutuk apezpiku hegoafrikarrak hain ongi adierazi zuen bezala ez da ordua neutrala izateko:

“Neutrala baldin bazara injustiziaren egoeratan, dagoeneko zapaltzailearen aldea aukeratu duzu. Elefante batek bere hanka sagu baten buztanaren gainean baldin badauka eta zuk neutrala zarela adierazten baduzu, saguak ez du baloratuko zure neultraltasuna“

EHUn elefante gutxiago daude saguak baino, bainaelefante horiek oso aktiboak dira eta oso eroso bizi dira haien piramidean. Saguak berriz, asko dira baina haien gordelekuetatik ateratzen ez dira ausartzen, nolabait unibertsitatearen beste kideak “neutralak” bihurtu garelako. Agian erosotasunagatik, agian nekeagatik… Bai nekaturik gaude, haize gabe, n-urtekoak lortzen, JCR.ak lortzen, akreditazioak lortzen, merituak biltzen… zentzu gabeko espiral kontrola ezin baten barnean, saldu diguten gaizki ulertutako kalitate eta bikaintasunaren bila. El doradoren bila gabiltza, baina gaizki ulertutako “El dorado” baten bila… Zoraturik, askotan urre-zukarra garaietan bezala, gure artean, lagunen, kideen artean, burrukatzen, lehiatzen, zapaltzen… Bitartean sagutxoak, prekarioan daudenak baina EHUko etorkizuna direnak, garrantzitsuenak, existituko ez balira bezala bizirauten daude, kikildurik zuloetan. Eta hori gutxi ez balitz, unibertsitateak eta gizarteak duen ondasun preziatuena, ikasleak, ez dira aspaldian unibertsitate elkartearen parte sentitzen. Boloniako prozesuak hutseratu egin ditu. Haientzako unibertsitatea titulu bat lortzeko eta, agian, lan prekario bat lortzeko aukera besterik ez da. Gure unibertsitatea, etorkizun gabeko gizarte injustu baten islada bihurtu da. Boteretsu gutxi batzuek hutseratu nahi duten gizartea hain zuzen. Eta hainbeste eraikitzea kostatu zitzaigun askatasunen eta ezagueraren unibertsitatea, gizarte aurreratuen ezinbesteko zutabea izan behar lukeena, zoritxarrez desagertzear dago. Zalantzarik gabe egoerak arduratzeko moduko itxura du baina ez da konponezina. Guztion artean alda genezake. Guztion artean puska genezake piramidea eta beste EHU bat eraiki.

San Juan gaba dator. Euskal Herriko gau magikoena eta sua piztuko dugu. Sua babestzailea eta batez ere birsortzailea. Sua berria edo errautsen artean dagoen txingarrek sortua. Hor gauza txarrak erreko ditugu eta berriz jaio izango bagina bezala sentituko gara. EHUn ere sua piztu behar dugu, errautsetan gelditzen diren txingar ugariez piztua eta Euskal Unibertsitate berri bat sortu. Guztion “Unibertsitatea”. Sagu, animali eta batez ere inaurri asko gaude elefanteei aurre egiteko. Adi! gure buruaren jabeak gara baina sinestu behar dugu. Agian Mandelak kartzelan egiten zuen bezala, William Ernest Henleyren “Invictus” olerkia maizago irakurri beharko genuke:

“Atea zenbateko estua den,
Sententzia zenbateko zigorrez beteta dagoen berdin dio.
Nire patuaren nagusia naiz:
Nire arimaren kapitaina naiz”