IREKITZEN prozesuaren aurkezpenetan 100 bat lagun bildu dira

Urriaren 14tik 19ra bitartean Campus desberdinetan egindako IREKITZEN prozesuaren aurkezpenetan AZP eta IIP-ko 100 bat lagun bildu ziren.

leioa
Leioa 2015/10/14

Horietan Mila Amurriok eta Gabi Elkoroaristizabalek, 1.986tik hona, unibertsitatean LABek presentzia duenetik gaur eguneraino alegia, UPV/EHUn emandako aldaketak azaldu zizkiguten eta ondorioz, gure diskurtsoa eta egin beharrekoak errealitate berrira egokitzeko dagoen beharra mahai gainean jarri zuten. Are gehiago, LABen sortzaile izan den belaunaldiari jubilatzeko garaia ailegatzen ari zaionean eta belaunaldi berriek unibertsitateko sindikalgintzaren ardura hartu behar dutenean.

bilbo
Bilbo 2015/10/15

Era berean, LAB sindikatua bere osotasunean (Bir)pentsatzen deituriko hausnarketa baten barruan murgilduta dagoela azaldu ziguten. Euskal Herrian, mundu osoan bezala, zabaldu den egoera ekonomiko eta sozial berriari eta halaber gure herrian bizi dugun egoera eta prozesu politikoari begira, eragile guztiok -sindikatuok barne- eraginkortasunez eta anbizioz erantzungo badiogu, gure buruaren eta eginkizunen gaineko gogoeta eta berrikuntzarekin aurre egin behar diogu. Garai berriei erantzun berriak eman beharko zaizkie.

gasteiz
Gasteiz 2015/10/16

Hau dena azaltzeko aurkezpen bat erabili zen, interes handia sortu zuena bertaratutakoen artean. Hurrengo egunotan, aurkezpen horretan azaldutakoa webgune honetan irakurtzeko aukera izango duzue.

Amaiera emateko, ikasturte honetan zehar IREKITZEN prozesuaren dinamika zein izango den ere azaldu zuten:

  • Lehenengo urratsa, afiliatu eta ez afiliatuen artean inkesta bat zabaltzea LABek azken urteetan egindako lana baloratu eta hurrengo urteetan lehentasunak non jarri behar ditugun jakiteko. Inkestaren edukia webgunean bertan ikus daiteke.
  • Bigarren urratsa, hurrengo hiru hilabetean burutuko ditugun batzarrak. Hauetan, inkestetan jasotako emaitzak eta ekarpenen berri emango zaizkizue. Bestetik, norberaren gogoetak eta ideiak osatzeko eta biltzeko aukera izango dugu.
  • Azkenik, ekainean IREKITZEN prozesuari amaiera emango dion mintegi irekia burutuko dugu. Jasotako ekarpenak errealitate bilakatzeko bidean, hurrengo urteetan LABek UPV/EHUko bere jardueran lehenetsiko dituenen berri emango da.
Donostia 19/10/2015
Donostia 2015/10/19

Bidea hasi baino ez da egin. Hori bai, parte hartze politarekin!

Irekitzen aurkezpenetan 100en bat lagun bildu gara.