UNIBERTSITATE POLITIKA
1.- Finantziazio publikoa
Errektoregaiak aurkeztutako Programan, ‘lurraldearekin lankidetzan aritzeko kultura sustatuko duen erakunde irekia eta berritzailea izatea’ helburuaren barruan, mezenasgo eta dohaintzak eman ahal izateko ‘estrategia bat diseinatzea eta horretarako beharrezko azpiegitura sortzea’ planteatzen da.
Galderak:
- Ez duzu uste, UPV/EHUk azken urteotan jasandako finantziazio publikoaren gainbehera dela eta, horren gehikuntza aldarrikatzea Errektore andrearen eta bere ekipoaren lehentasunezko eginkizuna izan beharko litzatekeela?
- Azpiegituraz ari zarenean zehaztu dezakezu zertaz ari zaren?
Erantzunak:
- Bai, hala da. Nire taldearen lehentasunen arteko bat finantziazio publikoa Euskal Herriko Unibertsitateak behar duenaren adina izatea da. Horretarako Berrikuntza eta Garapenerako gastua Barne Produktu Gordinarekiko eta Berrikuntza eta Garapenaren gastua Goi Mailako Hezkuntzarekiko Danimarka eta Finlandia bezalako Herrialdeetan ematen denari hurbiltzen joatea eskatuko diogu.
- Lehenik esan nahi dut ez dudala uste agintaldi hau azpiegituren agintaldia izango denik. Azpiegituraren bat bultzatzekotan, oso zaharkitua dagoen Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea ordezkatuko duen Basurtuko Unibertsitate Ospitalaren ondoan eraikin berria izango da. Beste azpiegiturei dagokienez, irakaskuntza eta ikerkuntza beharrei erantzuteko egoera egokian ez dauden azpiegituren egoera hobetzen saiatuko gara.
2.- Goi mailako ikasketak burutzeko tasak eta beka politikak
‘Unibertsitate inklusiboaren eredua garatzen laguntzea’ izeneko Erronkaren ‘Ikasleen premien aniztasunari erantzutea’ helburuaren barnean ‘zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei ikasten hasi eta jarraitzeko erraztasunak ematea’ planteatzen duzu, besteak beste.
Galdera:
- Ez duzu uste unibertsitaterako sarbide unibertsala bermatze aldera eta, zezhazkiago, zailtasun ekonomikoak dituzten familien ikasleak goi mailako ikasketak burutzen laguntzeko premiazko neurria izan beharko liratekeela azken urteetan izandako matrikulen igoera (2. 3. eta 4. matrikulak eta Graduondoenak bereziki) gelditzea eta berbideratzea eta egoera ekonomiko zailetan aurkitzen diren ikasle guztien beharrak kontuan hartuko dituen beka politika egokia aldarrikatzea horren erantzule den Eusko Jaurlaritzari?
Erantzuna:
- Bai. Hautagaitza honen ustetan tinko jarraitu behar dugu lanean Eusko Jaurlaritzarekin beka politika publikoa indartzen eta sustatzen. Hori da, zalantzarik gabe lerro nagusia, baina aldi berean unibertsitatetik bertatik ikasleentzako gizarte funtsarekin jarraitu beharra dagoela uste dugu. Izan ere, krisi ekonomikoaren eraginez ikasten diharduten zenbait ikaslek zailtasunak dituzte matrikulen ordainketari aurre egiteko, eta, haietako batzuk ez dute beka eskuratzeko unean uneko aukerarik. Azken deialdian 51 ikaslek izan dute aukera funts honetaz profitatzeko eta ildo hau hurrengo urteetan mantentzeko konpromisoa hartzen dugu.
3.- Graduen egitura: 3+2; 4+1
Hurrengo urteetarako aurreikusten den aldaketa garrantzitsuenetakoa Graduen egiturari buruzkoa da, oraingo 4+1 eskemaren ordez 3+2 eredua indarrean jartzeko aukera mahai gainean dagoelarik.
Galderak:
- Zein da hautagaiaren iritzia honen aurrean?
- 3+2 ereduaren alde egingo duzu, ala oraingo 4+1 eredua mantentzearen aldeko jarrera duzu?
- Unibertsitate pribatuek hartzen dituzten erabakiek (esaterako, Euskal Herriko unibertsitate pribatuak 3+2 graduetara pasatzen badira) UPV/EHUren irizpideak baldintzatuko dituzte?
Erantzunak:
- Graduko ikasketak oso berriak dira gure unibertsitatean. Lehen promozioen emaitzak orain dela gutxi ebaluatu dira. Badakigu, gainera, CRUE-k Bolonia aurreko graduak lau urtetan mantentzearen alde egin duela. Horregatik, gure nahia da gaur egun dagoen gradu proposamena sendotzea eta, beraz, duten iraupena mantentzea.
- Graduei buruzko erabakiak ezin dira orokorrean hartu. Titulazio bakoitza modu partikularrean aztertu behar da.
- UPV/EHU-k bere irizpide propioak ezarriko ditu, titulazio bakoitzaren egoera partikularra ezagututa eta proposamena egiten duen ikastegiaren argudioak entzun ostean. Titulazioren batean, ibilbide akademiko egokiena dela pentsatuta, 3+2 formatua ezarriko balitz, gaur eguneko 4+1 ereduak duen kostu berberarekin ezartzearen alde egingo genuke.
4.- Ingelesezko eskaintza
“Munduari irekitako unibertsitatea” atalean jasotzen da UPV/EHU prestakuntza eskaintzaren nazioartekotzea bultzatzea. Erronka honetan ingelesezko eta hiru hizkuntzako graduen zein graduondokoen eskaintza handitzea aurreikusten da, graduei dagokienez, Hezkuntzako eta Ekonomia eta Enpresako arloetan hasita.
Galderak:
- Zergatik deritzozue Hezkuntza jakintza adarreko prestakuntza eskaintzak lehentasuna izan behar duela nazioartekotzeko eta irakaskuntza ingelesez eskaintzeko urratsetan?
- Hezkuntza arloko UPV/EHUko prestakuntzetan egresatu guztiek euskararen ezagutza egiaztatua izango dute?
Erantzuna:
- Hezkuntza arloan lehentasuna euskarazko formakuntza da guretzat. Baina jakintza alor honetan, euskaraz gain, prestakuntza eleanitza ere garrantzitsua dela uste dugu, gizarteak hezkuntza eleanitza eskatzen baitu haur eta lehen hezkuntzan. Horretarako ondo prestatutako irakasleak behar dira.
5.- Atzerriko hizkuntzak
”Munduari irekitako unibertsitatea” atal berean, Unibertsitateko talde guztien hizkuntza gaitasunen prestakuntza eta egiaztapena sustatzea erronkaren baitan, “Unibertsitateko ikasleei eta langileei erraztasunak ematea atzerriko hizkuntzen ikastaroetan eta egiaztapen probetan parte hartzeko” neurria jasotzen da.
Galderak:
- Gertatzerik egongo da atzerriko hizkuntzen ezagutza eta egiaztapenerako erraztasunak jasotzea unibertsitatean ofizialak diren bi hizkuntzen ezagutza egiaztatu gabe?
- Ez litzateke baldintza izan behar bertako hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatua izatea?
Erantzuna:
- Euskaraz jakin ez arren ezin diogu ukatu unibertsitateko ikasle edo langile bati beste hizkuntza bat ikasteko aukerarik. Uste dugu ofiziala ez den hizkuntzaren bat ikasi nahi duen orori eskaini behar zaizkiola erraztasunak.
6.- Genero berdintasuna
Aurreko puntuan aipatutako erronkaren barruan ‘Unibertsitateko jardueren genero mainsreaminga/zeharkakotasuna sustatzea’ helburua jorratzekolau ekintza zehatz planteatzen dituzu. Horietako bat, ‘Jakintza adar bakoitzeko ikastegi baten, gutxienez, genero ikuspegia (GI) aintzat hartzen duten aurrekontuen esperientzia pilotuak martxan jartzea’. Bestalde, ‘Unibertsitatea erakunde jasangarria eta sozialki konprometitua izan dadin lortzea, bere ingurunean erreferentzia gisa balio dezan’ izeneko erronkan, ‘Jasangarritasunerako, berdintasunerako eta garapenerako hezkuntza sustatzea, horiek unibertsitate curriculumena txertatuz’ helburua planteatzen da, hiru ekintza zehatz agertzen direlarik, denak jasangarritasunarekin eta EHU Campus Bizia Lab proiektuarekin lotuak.
Galderak:
- Zein ekintza zehatz planteatzeko asmoa duzue genero berdintasuna EHUko gradu eta graduondo ezberdinetako curriculumean txertatzeko?
- Zergatik desagertu da UPV/EHUko Aurrekontu Orokorraren genero ikuspegiaren azterketa planteatutako ekintzetatik eta jakintza adar bakoitzeko ikastegi banaren azterketarekin ordezkatu da?
- Badu Errektoregaiak Berdintasunerako Zuzendaritzak orain arte izandako giza-baliabideak zein baliabide ekonomikoak gehitzeko asmorik edota orain artean bezalaxe utziko du? Gehitzekotan, nola eta zein epetan egiteko asmoa du?
- Non kokatuko du Errektoregaiak Berdintasunerako Zuzendaritza bere Taldearen barruko organigraman, hain juxtu, Unibertsitateko jardueran genero mainstreaminga edota zeharkakotasuna sustatzeko?
Erantzunak:
- Genero berdintasuna bezalako gaiak curriculumean sartzeko aparteko aukera eskaintzen dituzte Gradu Amaierako Lanek, Master Amaierako Lanek eta derrigorrezko zein borondatezko praktikek. Curriculumeko ikasgai malguenak dira eta une honetara arte egin diren esperientzia esperimentalek oso emaitza positiboak eman dituzte. Gure asmoa gune curricular hauek esanguraz betetzea da, berdintasuna, jasangarritasuna eta konpromiso sozialarekin zuzen zuzenean lotuta dauden gaiak plazaratuz, gizarte eragileekin zein unibertsitate barruko eragileekin elkarlanean bideratuz eta lan hauei ikusgarritasuna emanez.
- Ez gara ordezkatzeaz ari, zabaltzeaz baizik. Hautagaitza honen ardura Emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Planean aurreikusten dena betetzea da. Horrez gain ikastegi mailako aurrekontuak genero ikuspegitik aztertzeari ekiteko konpromisoa hartzen dugu. Zinez uste dugu neurri honekin genero zeharkakotasunean urrats garrantzitsua emango dela eta aurrekari interesgarria ezarriko dugula gerora beste ikastegi guztietara hedatzeko.
- Ez da giza-baliabide gehiagorik aurreikusten, lanaren antolamendu transbersalagoa eta hezkuntza berrikuntzarekiko sinergiak modu zuzenean erraztea baizik. Gure ustez orain arte erantzukizun sozialaren aterkipean egon diren politikak eta jarduerak hezkuntza berrikuntzaren errektoreordetzan jartzeak gai hauek titulazioetara eta ikaskuntzara estuago lotzea ekarriko du.
- Berdintasunerako Zuzendaritza Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren Errektoreordetzan kokatuko da, hain zuzen ere orain arte irakaskuntza-ikaskuntzatik gertuago egoteko eta curriculumean eraginkortasun handiagoa irabazteko.
7.- EHUko eta NUP-en arteko lankidetza
´Tokiko zein nazioarteko esparruetan UPV/EHUren Irakaskuntza jarduera berritzailea ikustaraztea eta zabaltzea’ helburuaren barnean ‘harremanak sendotzea beste unibertsitate publiko batzuekin, batik bat komunikazio hizkuntza gisa euskara darabiltenekin, Irakaskuntza-ikaskuntzako esperientzia berritzaileak partekatzeko’ planteatzen da.
Bese alde batetik, ‘Euroeskualdeko erakundeekin dugun lankidetza sendotzea’ izeneko helburuan, hainbat ekintza planteatzen dira, batzuk orokorrak, eta Bordeleko Unibertsitatearekin batera ‘Mugaz Gaindiko Euroeskualdeko Campusa garatzea’. Badirrudi, gainera, euroeskualde horretatik kano kokatzen dela Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako bien arteko lankidetzarako Protokolo Orokorrak, 3.e klausulean Hezkuntza eta Kulturari dagozkien ildoak planteatzen dira. 3.e.2 klausulean, Unibertsitate arloan ‘goi mailako irakaskuntzarako Europako Esparrua garatzeko batera lan egitea, eta unibertsitateen arteko lankidetza akordioak (NFK-EAE) egiteko aukera aztertzea, ikasketetetan, ikerketan, irakasleen lanean, nazioarteratzean eta Unibertsitateko jardunarekin lotutako beste arlo batzuetan’. Eta 3.e.4 klausulean, ‘zientzia eta teknologiaren arloko ikerketan, esperientzien trukea eta elkarlana sustatzea, bereziki ikerketarako Europako Esparrua garatzen’.
Galderak:
- Akitania-Euskadi-Nafarroa sareari begira planteatzen direnez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zeintzu ekintza zehatz planteatzea aurreikusten du Errektoregaiak berarekiko lankidetza sustatatzeko ikasketetan, ikerketan, irakasleen lanean, nazioarteratzean eta Unibertsitateko jardunarekin lotutako beste arlo batzuetan?
- Zientzia eta Teknologiari dagokienez, nola aurreikusten du UPV/EHUko Errektoregaiak ikerkeketan eta berrikuntzan esperientziak trukatzea eta elkarlana sustatzea, aurreikusten badu?
- Aurreikusten du Errektoregaiak bere lehentasunen artean Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetza Akordio Orokor bat garatzea hurrengo lau urteetan unibertsitate publiko bien arteko lankidetza esparru ezberdinak kontuan hartuta?
Erantzuna:
- Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin egun dugun harremana, ikerketa arloan, bereziki, G-9 talde barruan kokatzen da, hau da, ideien eta esperientzien trukaketan batik bat. Baina nazioarteko proiektuak ere partekatzen ditugu eta elkarrekin proposamenak aurkeztu ditugu. Akitania-Euskadi mugaz gaindiko egitarauan, Nafarroa berriro sartu denez elkarlanerako aukerak zabaltzen dira ikerketaren arloan. Nafarroaren egungo egoerak bide ematen digu elkarlan sendoagoa izateko, eta prest eta gogotsu gaude horretarako.
8.- Ipar Euskal Herriko eta atzerriko ikasleak
‘Ikasle atzerritarrei eta Iparraldeko ikasleei UPV/EHUn sartzeko erraztasunak ematea’ planteatzen dure Programak.
Galderak:
- Zeintzuk konpromiso garatzeko prest dago UPV/EHUko Errektoregaia Ipar Euskal Herriko ikasleei UPV/EHUn ikasten sartzeko erraztasunak emateko?
- Nola erraztuko zaie ikasle atzerritarrei UPV/EHUko matrikula?
Erantzuna:
- Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin egun dugun harremana, ikerketa arloan, bereziki, G-9 talde barruan kokatzen da, hau da, ideien eta esperientzien trukaketan batik bat. Baina nazioarteko proiektuak ere partekatzen ditugu eta elkarrekin proposamenak aurkeztu ditugu. Akitania-Euskadi mugaz gaindiko egitarauan, Nafarroa berriro sartu denez elkarlanerako aukerak zabaltzen dira ikerketaren arloan. Nafarroaren egungo egoerak bide ematen digu elkarlan sendoagoa izateko, eta prest eta gogotsu gaude horretarako.
9.- ehuGune
‘Unibertsitatearen garapenerako lankidetzarekin eta bakearen zein bizikidetzaren kulturarekin hartua duen konpromisoa indartzea’ erronkaren barnean ‘Bake eta bizikidiketzaren kultura sustatzea’ helburuan, besteak beste, ‘ehuGune topagunearen funtzio dinamizatzailea sustatzea’ planteatzen duzu.
Galdera:
- Zein ekimen planteatzeko asmoa du Errektoregaiak ehuGunek, gure herriak bizi duen gatazka politikoaren gainditzeari begirako lanean euskal gizarteari bere ekarpenak egin diezazkion?
- Ez du uste Errektoregaiak UPV/EHUk baduela zereginik bai krisi ekonomiko zein gure herrian dauden eztabaida kultural, sozial eta politiko garrantzizkoenen gaineko eztabaidak bultzatzeko eta, bide batez, euskal gizarteari horien inguruko ekarpenak egiteko?
Erantzuna:
- ehuGune UPV/EHUren eta euskal gizartearen arteko topagunea da eta, hiru dira jorratu eta jorratzen dituen lan ildo nagusiak: bakea eta bizikidetza; krisiak, eta Euskal Herria 2050. Etorkizunean ere, estrategiko diren arazo sozial, kultural, ekonomiko eta politikoen gogoetari ekiteko gune izaten jarraitzea da gure asmoa. Era berean, gai eta arazo horiek elkarrekin aztertzeko, diagnostikoak eta proposamenak elkar banatu eta proposatzeko foroa izatea nahi dugu, baita, arazo horien inguruan ikuspegi kritikoa ekartzeko gunea ere.
10.- Gobernantza
‘Administrazio kudeaketa arinagoa, hurbilekoagoa eta gardenagoa sustatzea’ erronkaren barruko ‘Unibertsitateko jardueretan gardentasun maila hobetzea’ eta ‘Unibertsitateko egiturak egokitzea eta haien kudeaketa hobetzea’ helburuak planteatzen dira, besteren artean. Gardentasun ataria, ohok elektronikoaren sistema berria, hitzarmenak eta erabakiak bildutko dituen Aldizkari Ofizial Elektronikoa, ikastegi berrien gaineko konpromiso dokumentoa, sailen berrantolaketa, unibertsitate egitura batzuen (institutuak, katedrak…) aztertzea eta euren jarduera ebaluatzeko prozedura ezartzea jasotzen dira ekintza gisa.
Bestalde, ‘UVP/EHUko kide izatearen sentimendua indartzea’ erronkaren baitako ‘Unibertsitate talde guztiek gobernantzako estrategietan partaidetza handiagoa izatearen aldeko apustua egitea’ helburuaren barnean gobernantza estrategien berri ematea, administrazioko unitateen arteko koordinazioa eta talde guztiek gobernantzako estrategietan parte hartzeako ekintzak planteatzen dituzu.
Azpimarratzekoa da helburu eta ekintza hauek guztiak ‘Gobernu ona sustatzen duen Unibertsitatea: unibertsitate hurbilekoa eta adeitsua, gobernu partizipatiboa, eraginkorra eta gardena duena’ izenko atalean kokatzen direla aurreko erronka, helburu eta ekintza guztiak.
Galderak:
- Ez du Errektoregaiak uste UPV/EHUren gobernantza ereduaren gaineko hausnarketa orokorra eta bere baitako organo pertsonal zein kolektiboen (Klaustroa, Gobernu Kontseilua, Ikastegietako Batzarrak, Dekano eta Zuzendariak, Gizarte Kontseilua…) osaketa, funtzionamendua eta abarren gainekoa dela burutu beharrekoa?
- Badu Errektoregaiak hausnarketa hori bultzatzeko asmorik datozen lau urteotan?
Erantzuna:
- Aipatu dugun bezala, gure gobernu ereduaren zenbait alderdi hobetzearren estatutuen erreforma bati ekiteko asmoa dugu. Testuinguru horretan unibertsitate komunitateak beharrezkoa den hausnarketa bat egin beharko du, denon artean gobernu organoen osaketa eta funtzionamendua nolakoa izatea nahi duen erabakitzeko.
KLAUSTROKIDEAK
Gabi Elkoroaristizabal, Mila Amurrio, Ekai Txapartegi, Amaia Andrieu, Koldo Callado, Nerea Ezeiza, Jabi Ibarra, Oskia Agirre, Jon Ander Elorriaga eta Maite Urtiaga.
BABESLEAK
Mila Amurrio, Koldo Callado, Amaia Andrieu, Ekai Txapartegi, Pili Aristizabal, Iñaki Marko, Laura Barrio, Fernando Bazeta, Inma Maiz, Jon Ander Elorriaga, Helena Franco, Joxi Imaz, Karmele López de Ipiña, Peio Albite, Nerea Ezeiza, Joseba Makazaga, Luixa Reizabal, Jon Iradi, Xabier Cendoya, Joserra Aihartza, Iñaki Etaio, Gabi Elkoroaristizabal, Oskia Agirre, Jabi Ibarra, Maite Urtiaga, Ibon Igartua, Kike Fernández, Deine Larrabeiti, Arantza Jauregi eta Carlos Rodríguez.