Hainbat eragilek adierazpen bateratu bat sinatu dugu larunbatean,
12:00etan, herri guztietan antolatuko diren mobilizazioekin bat egiteko, “Bateragune auzia”
delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiaren
kontra. Erabakiaren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa
eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko sindikatu, alderdi
politiko eta eragile sozialen artean, eta honako adierazpen bateratua
ekarri du:
Espainiako Auzitegi Gorenak “Bateragune auzia” delakoagatik
zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin
du, oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den
heinean.
Horren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du
EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu
eta eragile sozialen artean. Hori horrela izanik, behean sinatzen
dugunok hartu dugun erabakiaren berri eman nahi dugu, erabaki judizial
horri erantzun irmo eta zeharkakoa eman ahal izateko.
Hori dela eta, Euskal Herriko eta Nafarroako herritarrei jakinarazten
diegu elkarretaratzeak deituko ditugula larunbat honetarako, abenduaren
19rako, herri guztietan, eguerdiko 12:00etan, “Demokrazia” lelopean.
Era berean, dei egiten diegu herrialdeko herri, gizarte eta kultur
eragile guztiei deialdi honekin bat egin dezaten eta, era berean,
gonbidapen hau gizarte osoari zabal diezaioten.