Ikertzaileen kolektiboa oso ugaria da UPV/EHUn, 1400 ikertzaile aldi baterakoak eta 70 soilik iraunkorrak izanik. Datu horiek argi uzten dute behin-behinekotasun
ikaragarria dagoela, %0.05 eko finkotasuna.. Egungo errektoretzak ez du ikerketa-karrera garatzearen aldeko apusturik egin, eta horren adibide garbia da ikertzaile iraunkor plaza kopuru urria eta oraindik ikerketa irakaslerik ez egotea (irakasle osoen antzeko kategoria). Azken urte hauetan, hainbat demanda egin dira behin-behineko ikertzaileen soldaten inguruan, administrazioak galdu dituenak; besteak beste, soldatak EPIPFera (formakuntzan dauden doktorego-aurreko ikerkuntza pertsonalaren estatutua) egokitzeko demanda eta enpresa-kuota -zati batean- langileek beren gain hartzearen aurkako demanda. Prozesu judizial horietan guztietan, Errektoretza auzitegi goreneraino iritsi da, beste instantzia batzuetako epaiak langileen aldekoak zirenean (hori ohikoa da langileek edo haien ordezkaritza sindikalak aurkeztutako demandetan). 2021ean sinatu zen aldi baterako ikertzaileei buruzko lehen akordioa. Bertan, doktorego-aurreko kolektiboaren soldata hobetzea adostu zen, eta doktorego osteko kolektiboaren maila- eskala bat ezarri zen, irakasleen kategorien antzekoa, mailaz igotzeko mekanismo bat barne zuena. Sindikatuek behin eta berriz eskatu arren, egungo zuzendaritzak ez du aipatutako mekanismoa garatu. Ondoren 2022an, doktorego-aurreko kolektiboari buruzko bigarren akordio bat sinatu zen. Akordio horretan, beranduenez 2024ko uztailean aplikatu beharreko beste soldata-igoera bat jasotzen zen urtearen hasieran aplikatzeko aukera zabalik geratzen zelarik. Soldata-igoera hori berandu gauzatu zen, urrian, eta zuzendaritzak ez zuen igoera aurreratzeko negoziaziorik ere egin nahi izan.
Zure programan agertzen dira hainbat aipamen ikertzaileen kolektiboaren gainean “Euskal Unibertsitate Legeak aurreikusten duen ikertzaileen kontratazio-ibilbidea babestu Eusko Jaurlaritzarekin adostuta. Ikertzaile doktore iraunkorren plaza gehiago sortu.”, “Alde sozialarekin adostu doktore aurreko ikertzaileen kontratuen egungo proportzioen igoerak irakasle atxikien % 100ekiko, 70-70-80-80 norabidean.”, …
Galderak
- Ikertzaileen eta, oro har, irakasle-ikertzaile guztien eskarietan bide judiziala edo negoziazioa lehenetsiko duzu?
- Auzitegi Gorenak antzeko epaietan (hala nola, enpresa-kuotaren kasuan) erabakia hartu duen kasuetan jarritako errekurtsoak kenduko dituzu eta modu egokian ordaindu ez zaien langile GUZTIEI dagokiena ordainduko diezu? Zein epetan?
- Zehazten dituzun soldata igoeren negoziazioaren hasiera noiz aurreikusten duzu?
- Zein epetan negoziatuko duzu ordezkaritza sindikalarekin lehenengo akordioan jasota dagoen doktoratu ondoko ikertzaileentzako mailaz igotzeko mekanismoa?
- I3/R3 akreditatuta dauden langileentzako ikertzaile doktore iraunkorren kontratazioa lehenesteko asmoa duzu?
- Zein irizpide erabiliko zenukete ikerketa-irakaslerako heltzen diren eskaeren artean plaza zehatzak lehenesteko?
Erantzunak:
Mila esker
- Negoziazioa lehenetsiko dugu auzibidea ahal den neurrian saihestuz.
- Epaia argia denean eta, are gehiago, bidezkoa iruditzen zaigunean ez diogu zentzurik ikusten errekurtsoen bidetik auzia luzatzeari.
- Ahal dugun eta azkarren.
- Programan jasotzen den eran, Ikertzaile Doktore Iraunkorren bidea sustazea proposatzen dugu.
- Programan jasotzen den eran, lehendabizi plangintza berezi bat zehaztu behar dugu, azken urteetan saileetatik bideratu diren eskaerei erantzun ezak sortu duen egoeraren aurrean.