Galdera
Ikertzaileen kolektiboa oso ugaria da UPV/EHUn, 1400 ikertzaile aldi baterakoak eta 70 soilik iraunkorrak izanik. Datu horiek argi uzten dute behin-behinekotasun ikaragarria dagoela %0.05 eko finkotasuna. Egungo errektoretzak ez du ikerketa-karrera garatzearen aldeko apusturik egin, eta horren adibide garbia da ikertzaile iraunkor plaza kopuru urria eta oraindik ikerketa-irakaslerik ez egotea (irakasle osoen antzeko kategoria). Azken urte hauetan, hainbat demanda egin dira behin-behineko ikertzaileen soldaten inguruan, administrazioak galdu dituenak; besteak beste, soldatak EPIPFera (formakuntzan dauden doktorego-aurreko ikerkuntza pertsonalaren estatutua) egokitzeko demanda eta enpresa-kuota langileek beren gain hartzearen aurkako demanda). Prozesu judizial horietan guztietan, Errektoretza auzitegi goreneraino iritsi da, beste instantzia batzuetako epaiak langileen aldekoak zirenean (hori ohikoa da langileek edo haien ordezkaritza sindikalak aurkeztutako demandetan). 2021ean sinatu zen aldi baterako ikertzaileei buruzko lehen akordioa. Bertan, doktorego-aurreko kolektiboaren soldata hobetzea adostu zen, eta doktorego osteko kolektiboaren maila-eskala bat ezarri zen, irakasleen kategorien antzekoa, mailaz igotzeko mekanismo bat barne zuena. Sindikatuek behin eta berriz eskatu arren, egungo zuzendaritzak ez du aipatutako mekanismoa garatu. Ondoren, 2022an, doktorego-aurreko kolektiboari buruzko bigarren akordio bat sinatu zen. Akordio horretan, beranduenez 2024ko uztailean aplikatu beharreko beste soldata-igoera bat jasotzen zen urtearen hasieran aplikatzeko aukera zabalik geratzen zelarik. Soldata-igoera hori berandu gauzatu zen, urrian, eta zuzendaritzak ez zuen igoera aurreratzeko negoziaziorik ere egin nahi izan.
Zure programan agertzen da “doktorego-aurreko eta ondoko kontratuen soldatak igotzeko lan egingo dugu, talentuaren erakarpena sustatze aldera.”
Ondorengo galderak luzatzen dizkiot Eva Ferreira errektoregaiari:
- Ikertzaileen eta, oro har, irakasle-ikertzaile guztien demandetan bide judiziala agortzeko estrategiarekin jarraituko duzu?
- Auzitegi Gorenak antzeko epaietan (hala nola, enpresa-kuotaren kasuan) erabakia hartu duen kasuetan jarritako errekurtsoak kenduko dituzu eta modu egokian ordaindu ez zaien langile GUZTIEI dagokiena ordainduko diezu? Zein epetan?
- Zer proposamen zehatz dituzu aldi baterako ikertzaileen soldatak igotzeko? Ordezkaritza sindikalarekin negoziatuko dituzu? Zein epetan?
- Zein epetan negoziatuko duzu ordezkaritza sindikalarekin lehenengo akordioan jasota dagoen doktorego ondoko ikertzaileentzako mailaz igotzeko mekanismoa?
- I3/R3 akreditatuta dauden langileentzako ikertzaile doktore iraunkorren kontratazioa lehenesteko asmoa duzu?
Programan “ikerketa irakasleen plazak sartuko ditugu hurrengo EPEn (2025eko udaberria), eta, aldi berean, dagokion lehiaketa prozedura garatuko dugu.” jasotzen duzue.
- Zein izan dira orain arte egondako oztopoak 2011n sortutako figura hori orain arte sortu ezin izateko eta nola gaindituko dira 2025ean?
- Zein irizpide erabiliko zenukete ikerketa-irakaslerako heltzen diren eskaeren artean plaza zehatzak lehenesteko?
Erantzuna
Tesia gurekin egiten ari diren pertsonen % 17,5 inguruk horretarako kontratua dauka lau urtetarako, lehen beka deitzen zena, orain formakuntzarako kontratua da. Haien etorkizuna anizkoitza da: enpresak, zentro teknologikoak, ikerketa zentroak, baita unibertsitatea ere, eta kasu honetan, normalean, irakasle laguntzaile doktore plaza batean hasi eta irakasle agregatu, titular, oso edo katedradun gisa buka dezakete haien karrera akademikoa.
Baita, puntako kasu berezi batzuetan, ikertzaile doktore iraunkor edo ikerketa ikertzaile gisa ere. Aipatu eta azpimarratu nahi dut, horren harira, UPV/EHU dela unibertsitate bakarra Espainian ikertzaile iraunkor figura hori duena, beste unibertsitateetan ez da ezta existitzen ere.
Gure ikertzaileak estatuko baldintzarik onenak dituzte, 202 lean sindikatuekin sinatu genuen akordioari esker, eta 2022an predokentzat hobetu zen akordioari esker. Eta programan jasotzen dugun bezala, 2021eko akordio on hori hobetzeko negoziatzeko prest gaude.
Ikertzaile iraunkor doktoreen figura oso berezia bada, eta puntako ikertzaileentzat erreserbaturik badago, are bereziagoa da ikerketa irakaslearena. Seguru asko aurreko taldeek ez zuten garatu figura horretarako akreditaziorik edo akreditaturiko pertsonarik ez zegoelako. Gero, akreditazioak iristen hasi direnean, pertsona horiek irakasle osoko plazetara edo katedretara promozionatzeko aukeraz baliatu dira, agregatu eta titularrak bezalaxe. Uste dugu badela garaia ikerketa-irakasle figura bultzatzeko. Horregatik, promoziorako azken deialdian (2024ko uztailean itxi eta oraindik ebatzi ez dena) figura horretako plazak eskatzeko aukera egon da. Espero dugu, beraz, udaberrian horrelako plazak sortzea eta 2025eko OPEan sartzea.
Promozioaz arduratu den gobernu-taldea gara, kategoria guztietarako, eta uste dugu apustu horren sinesgarritasuna erakutsi dugula. Seguru asko Lan Erreformara, Zientziaren Legera eta LOSUra egokitzeko hainbat aldaketa egin behar izan ez bagenitu, helburu hau ere lortuta izango genukeela dagoeneko.