Euskara (Ferreira)

Galdera: Euskara – Kudeaketa eraginkorra:

Zuen programan, Euskara atalean, honako hau aipatzen da: “Kudeaketa: Egiturazko egokitzapenak egingo ditugu euskararen kudeaketa eraginkorragoa izateko eta euskararen zeharkakotasuna indartu eta egonkortzeko baliabideak jarriko ditugu.”

Zehaztu ahal izango zenituzke zein izango diren egiturazko egokitzapen horiek, bai euskararen kudeaketa eraginkorra izateko bai euskararen zeharkakotasuna indartzeko eta egonkortzeko?

Erantzuna

Kudeaketa eraginkorrari buruz Euskararen kudeaketa eraginkorragoa bultzatzeko hainbat proposamen aurreikusten ditugu, gure ikuspegian uztartuta doazelako kudeaketa eraginkorragoa eta zeharkakotasuna. Gogoan izan behar dugu euskara unibertsitateko atal guztien ardura koordinatua dela, ez bertan lan egiten dugun euskaldunona bakarrik. Denok dakigunez, UPV/EHU erakunde elebiduna da, euskararen aldeko lan itzela egin duena. Dagoeneko ditugun kudeaketa egituretan euskararen sustapena unibertsitateko, atal, zerbitzu eta ikastegi askori dagokie, ez da errektoreordetzatik bakarrik egiten den lana. Euskararen sustapenerako egiturak dituzten ikastegi eta atalekin lankidetzan egiten da euskararen aldeko lan gehiena gure etxean, eta lan egiteko modu hori bultzatu eta zabaldu nahi dugu.

Zeharkakotasun hori sendotzeko, dagoeneko ditugun egiturak indartuko ditugu: ikastegietako euskara arduradunak, campusetako euskara arduradunak, euskara batzordea, euskalduntze batzordea. Bestetik, lankidetza egitura hauek hedatuko ditugu horrelakorik ez duten ataletara, adibidez, liburutegiak eta zerbitzuak.

Galdera: Euskara – Erabilera bikoiztea:

Zuen programan, Sustapena eta ezagutza azpiatalean honako hau aipatzen da: “Euskara erabili eta ikasteko estrategiak eta ekintzak garatuko ditugu unibertsitate komunitateari bideratuta euskararen erabilera bikoizteko asmoz.”.

Erantzuna

Erabilera bikoizteari buruz Proposamen honen sustraia Euskararen IV planean dago. Batetik, euskaraz dakiten langileen kopurua bikoiztu nahi dugu eta horretarako TEKAZEL langileen euskalduntzean arrakasta handia duen eredua zabaldu nahi dugu IRien artean.

Egun, UPV /EHUk ez die aukerarik eskaintzen IRiei zerotik euskara ikasteko. HABErekin elkarlanean, elebidun ez diren EHUko IRiek euskara ikasteko aukerak izango dituzte euskarazko irakaskuntza ez daukaten IRiei ere euskara ikasteko erraztasunak eskainiko zaizkie, haiek ere euskararen sustapenean parte hartu dezaten, orain arte ez bezala.

Bestetik, Bikain ziurtagiria lortzeko prozesuan inplikatu nahi dugu UPV /EHU osoa. Bikain berria oso prozedura exijentea da, aurrekoaz oso bestelakoa. Bikain berrian zerbitzu eta lan hizkuntza oinarrizko ekaiak dira, berriztatu eta eguneratu beharreko zigilua da, erabilerari garrantzi handia ematen diana. Errektoreordetzak laguntza emango dio BIKAIN prozesuan parte hartuko duten ikastegi, zerbitzu eta atalei, adibidez, zigilua eskatzeko partekatuak diren dokumentu atal denak prestatuko ditugu ikastegi eta talan lana arintzeko eta aholkularitza eta teknikarien laguntza izango dute aurrera egiteko.

Neurri nagusi horiez gaindi, indar handia egingo dugu digitalizazioan, eta euskararen erabilera areagotzeko lanabes digitaletan, euskara lan hizkuntza izan dadin gure etxean. Dagoeneko TEKAZEL langileekin egin ditugun euskaraz erabiltzeko lanabes digitalei buruzko zabalkundea areagotuko dugu, IRI eta ikasleen artean ere zabaldu ahal izateko. Ezin ahaztu UPV/EHUk berak sortzen dituela lanabes hauetatik asko, eta horien balioa sustatzen dugula baita ere, euskararen kudeaketan zabaltzen ditugunean.

Laugarren ekintza bat. euskara praktikatzeko gune informalak sortzea da, non interesa duten pertsonek egun eta ordu jakin batzuetan bildu daitezkeen euskara praktikatzera.

Bostgarren bat. eraginkorrak diren esku-hartzeak eta praktika onak zabaltzea. Adibidez, ikastegi batean arrakasta duten ekimenak egonkortzeko laguntza eman, haien berri zabaldu eta beste ikastegiren batek inplementatu nahiko balu, hori egiteko laguntza ere ematea.

Hauek adibide batzuk besterik ez dira. Uste dugu euskara sustatzeko ekimenak mota askotakoak izan daitezkeela eta ez dutela zertan handiak izan behar. Txiki edo xume diren askoren inpaktuak batuta ere euskararen sustapenean aurrera egin daiteke.

Zehatz dezakezu zein izango dira estrategia eta ekintza horiek?

Galdera: Euskara – Derrigorrezko eta hautazko irakasgaiak:

Euskara atalean, Prestakuntza azpiatalean, honako hau aipatzen da: “Euskarazko irakaskuntza areagotuko dugu hizkuntzaren ikuspuntutik eskaintza osoa ez duten Graduetan.”

EHUko Euskararen IV Plan Gidariak jasotzen duen helburua 2027rako graduetan eskainitako derrigorrezko ECTS kredituen % 96ra heltzea da, 2022an % 94,4 izanda. Zein neurri zehatz jarriko dira martxan “euskarazko irakaskuntza areagotzeko”? Errektoretzara aurkezten den taldearen helburua % 96 horretara heltzea da edo harago joatea?

Puntu berean, honako adierazpen hau jasotzen da: “Graduko hizkuntza plangintza osatuko dugu, ikasleek bi hizkuntza ofizialetan hautazkotasun aukera berdina izan dezaten.”

Hautazko irakasgaiei dagokienez, gaur egun gradu askotan gaztelaniazko eskaintza euskarazkoa baino handiagoa da. IV Euskara Plan gidarian 2027rako planteatutako helburua hautazko irakasgaien igoera % 5 izatea da. Zein estrategia garatuko zenukete euskaraz eskaintzen diren hautazko irakasgaien kopurua gaztelaniaz eskaintzen direnenaren parekoa izateko?

Erantzuna:

Derrigorrezko eta hautazko irakasgaiei buruz Ez daga zalantzarik gure helburua zein den irakasgaien eskaintzan: euskaraz izan behar duten guzti-guztiak, euskaraz eskaintzea, horixe bera. Ez dugu ahaztu behar urtero, euskaraz eskaintzen ez diren ECTS kopurua gero eta txikiagoa dela.

Kontuan izan behar da ikastegi eta sailen inplikazioa eginkizun honetan ere, euskararen zeharkakotasunaren adibide dena. Errektoreordetzak erraztu egingo ditu beti euskarazko irakaskuntza bermatzeko aukerak, ikastegiek eta sailek identifikatzen dituzten arazo eta oztopoak ezagutu eta horiek konpontzeko neurriak hartuko ditugu, kasu bakoitzean eskatzen duten konponbidea ezberdina delako: batzuetan kontratu berriak egin behar dira, besteetan irakasgaien berrantolaketa egin behar da. Irakaskuntza euskaraz bermatu ahal izateko zeharkako ahalegin koordinatua egin behar da eta hori da hain zuzen gure asmoa.

Galdera: Euskara – Irakasle lanpostu iraunkor berrien hizkuntza-profila:

Irakasle-ikertzaileen lanpostuen hizkuntza-profilatzea EHUren esku dago. Egonkortzeko ziren lanpostuen profilean euskararen C1 maila ezartzea irizpide bat izan da aspaldidanik EHUn, salbuespen batzuk egonda. Hala ere, azken urtean ikusi dugu irakasle plaza iraunkorrak sortu direla euskararik gabe I3 edo R3 akreditazioa daukaten ikertzaile batzuentzat, plaza pertsona bakoitzaren hizkuntza-profilari doitu behar dela argudiatuta. Beste agregatu eta titular plaza asko sortuko dira laster egoera horietan daude ikertzaile askorentzat (2024ko EPErako 17 onartu dira duela gutxi eta 2023ko EPEren 35 lanpostuetako gehienak ez dira oraindik lehiaketara atera). Irizpidea ez aldatzekotan, oso posiblea da sortuko diren irakasle iraunkor lanpostu askotan gainerako irakasleei exijitzen zaien euskara jakintza maila ez exijitzea. Irakaskuntzaren euskarari lotutako errealitate izan arren, ez dago aipamenik zuen programan egoera horri buruz. Zein izango litzateke zuen jarrera daukagun egoera horren aurrean?

Erantzuna

Programan ez daga horren aipamenik Euskararen IV plan Gidarian jada egoera hori jasotzen delako Pertsonak atalean: (Ikertzaileak hizkuntza- eskakizunik gabeko kontratuetatik irakasle figurako kontratuetara igarotzen direnean, lanpostu berrirako euskara-maila egokia eskuratzeko baliabideak eta epemugak ezarri, sailen beharretara eta ikertzaileen ibilbideetara egokituz). Hau da, lehendabizi, aipatu ikertzaile horien hizkuntza profila zein den jakin behar da. Irakaslana egingo den sailaren egoera kontuan hartuko da eta horren guztiaren arabera euskara ikasteko erraztasunak jarri eta konpromisoak ezarriko dira.

Galdera: Euskara – Hizkuntz ez ofizialekiko lehia:

Nazioartekotzea atalean, Nazioartekotzea etxean azpiatalean, “graduan eta masterretan ingelesezko nazioarteko ibilbideak sortzea sendotuko” duzuela adierazten da. Hizkuntza ez ofizialetan eskaintzen den irakaskuntzan epe ertain/luzeko estrategia baten faltan sumatzen da, non zentroen, sailen eta, neurri handi batean, irakasle zehatzen esku geratzen den irakasgai bat hizkuntza ez ofizialetan eskaintzea. Estrategia zehatzik ezaz gain, ingelesezko irakaskuntza hedatu da sail batzuetan non graduetako irakasgai guztiak (izan derrigorrezkoak izan hautazkoak, ala biak) ez diren euskaraz eskaintzen. Hots, kasu batzuetan giza-baliabideak erabiltzen dira hizkuntza ez ofizialetan irakasteko euskarazko irakaskuntzaren kalterako. Hizkuntza ez ofizialetan irakaskuntza-eskaintza egon behar dela kolokan jarri gabe, bultzatzen duzuen hizkuntza ez ofizialen sendotzeak graduetako euskalduntzearen kontra izan dezakeen eragina nola ekidingo duzue?

Erantzuna

 Hizkuntza ez-ofizialei buruz Ingelesezko irakaskuntza hedatu den sail askok eleaniztasun planean jasotako laguntzak baliatu dituzte irakasgaiak hirugarren hizkuntza batean eskaintzeko eta eskaintza hori egonkortu ahala, irakasgai horiek graduetako planeko irakasgai bihurtu dira. Eleaniztasuneko planaren eraginez lortu da hori, hori baitzen helburua. Beraz, hori estrategia bada. Eta Estrategia ere bada ingelesezko ibilbideak sortzea. Ibilbide bat sortzeko kontuan hartu behar dira hainbat irizpide: 1) zein mailatan den egokia ingelesezko irakasgai bat eskaintzea: ez da gauza bera lehenengo maila edota hirugarren edo laugarren batean eskaintza. 2) irakasgaiaren izaera nolakoa den: derrigorrezkoa bada, taldeak handiagoak izaten dira, eta errazagoa izan daiteke; irakasgaia hautazkoa bada, taldea txikiegia izan daiteke eta ez du zentzurik are gehiago zatitzea hirugarren hizkuntza bat eskainiaz; bigarren neurri hau euskarazko irakasgaiak babesteko neurria ere bada. Beraz, bultzatzen dugun estrategiak bi gauzak egiten ditu, ingelesezko irakasgaiak bultzatu eta euskarazkoak babestu.

Galdera: Euskara – Kanpoko enpresen zerbitzuak:

Gaur egun EHUko campusetan kanpoko enpresa batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuetan euskarazko arreta ez dago bermatuta, enpresek bete beharreko kontratuen baldintza-agirietan jasota egon arren. Programan ez dago inolako aipamenik konpondu gabe dagoen egoera horri. Hauteskundeak irabaztekotan, neurriren bat aurreikusita daukazue aipatutako baldintza-agiriak betearazteko?

Erantzuna

Hemen ere esan behar dugu programan ez dugula ezer jaso jada Euskararen IV planeanjasota dagoelako kontratuen baldintza-agirietanjasota dagoena betetzeko neurriak hartuko direla. Kultura eta Gizartea ataleko 3.3.7. puntuan: Indarrean dauden kontratu nagusiak (aurrekontuaren eta eragin-eremuaren arabera) eta zerbitzuen azpikontratazioak identifikatu eta hizkuntza-klausulak aztertu (egokiak diren, jarraipena egiten den … ) eta horien betetze-mailaren jarraipena egin. Gainera BIKAIN ziurtagiriaren prozesuan ere bilduta daga. Beraz, programan zuzenean jasota ez badago, bi planak eta baita BIKAINek hartzen dute horren ardura.