Galdera
Zuen programan, kirol zerbitzua campus guztietan jartzea aurreikusten duzue. Zerbitzu hau UPV/EHUko langileen bitartez ematea aurreikusten duzue ala kanpoko enpresen bitartez?
Erantzuna
Mila esker. Gure jarrera eta asmoa da ahalik eta gehien barneko pertsonalarekin egitea, baina horrek plantilla zabaltzea eskatuko du eta, horretarako, finantziazioa beharko dugu, barruko zein kanpoko finantziazioa. Campus bakoitzeko kirol- zerbitzuen bidez eskain daitekeen zerbitzu mota berrikustea da helburua, betiere hori hobetzeko asmoarekin. Gure apustua da, aipatu den bezala, zerbitzuak ahalik eta gehien Unibertsitatetik bertatik eskaintzea. Horretaz gain, honelako ekimenak bultzatzen saiatuko gara: EHUko kirol-taldeak bultzatu, ikusgarritasun txikiena duten kirol- diziplinak babestu, euskal kirola indartu, eta emakumeen kirolari bultzada eman. Kirol- zuzendaritza 3 campusetan dago, hori egia da, baina kirol-zerbitzuak ez daude bermatuta egun osoan campus guztietan. Adibidez, Arabako gimnasioa pasilo batean kokatu izan da, eta ez da irisgarria ia inorentzat…Kirol Fakultatea han egon arren. Mantentzen direnak dira inguruko gimnasioekiko hitzarmenak (tarifa merkeagoak ikasle eta langileentzat), hau da, kanpoko enpresekiko hitzarmenak.
Guk proposatzen duguna da 1) eskaintzen den zerbitzua ikasleen beharretatik definitzea, 2) kanpo-hitzarmen horiek ikutu gabe ere UPV/EHUk berak zerbitzu erakargarriak proposatzea campusean bertan. 3) Indartzea, kirol fakultateak honetan izan dezakeen zeresana eta haiekin uztartzea EHUko kirol eskaintzan (+ behar den inbertsioa).