Plangintza estrategikoa etorkizuneko irakasleak bermatzeko (Bengoetxea)

Galdera

Zure programan soldatak hobetzea jasotzen da, baita irakasle-ikertzaileen ordainsariak eguneratzea. Izan ere, eskatutako kualifikazioa kontuan izanda eta euskal administrazioan parekoak izan daitezkeen mailekin alderatuta EHUko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak oso baxuak dira. Beste alde batetik, ordainsari osagarriak ez dira eguneratu 18 urtetan, erosahalmena nabarmen gutxitu duena. Arrazoi bakarra ez bada ere, horrek guztiak asko areagotzen du UPV/EHUk sarritan irakasleria lortzeko dituen zailtasunak. Horietako azken froga da laguntzaile doktore lehiaketa batzuetan inork bere burua ez aurkeztea. Sarritan uste dugu ez dagoela irakasle elebidun nahikorik eta gertatzen den gauza bakarra zera da, beste unibertsitate batzuk irakasle gazte hauek erakartzen dituztela UPV-EHUk eskaini ditzakeen baldintzak oso apalak direlako (MUk adibidez irakasle sartu berri bati 2400 eurotako hileko soldata garbi bat dute, gure Irakasle Laguntzaile Doktoreen asteko irakaskuntza zama gutxiago batekin). Hala ere, argi dago diru funtsa handiagorik lortzen ez bada egoera horri ezin zaiola itzulirik eman. Beraz, Eusko Jaurlaritzak esleitzen digun diru aurrekontua handitu artean, galdetu nahiko nizuke, ea nolabaiteko plangintza bat adostu dezakezun irakasleria elebidun falta duten sailekin nolabaiteko urte anitzetako plangintza bat, sail horietako balizko doktorego ikasleen artean irakasle elebidunak formatzeko helburuarekin.

Erantzuna

Mila esker. Eusko Jaurlaritzak esleitzen digun diru-aurrekontua handitu bitartean, epe ertainerako plangintza bat aztertu eta adostu beharko da irakasle elebidun falta duten sailekin, sail horietako balizko doktorego-ikasleen artean irakasle elebidunak formatzeko helburuarekin.