Galdera
Zure programan soldatak hobetzea jasotzen da, baita irakasle-ikertzaileen ordainsariak eguneratzea. Izan ere, eskatutako kualifikazioa kontuan izanda eta euskal administrazioan parekoak izan daitezkeen mailekin alderatuta EHUko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak oso baxuak dira. Beste alde batetik, ordainsari osagarriak ez dira eguneratu 18 urtetan, erosahalmena nabarmen gutxitu duena. Arrazoi bakarra ez bada ere, horrek guztiak asko areagotzen du UPV/EHUk sarritan irakasleria lortzeko dituen zailtasunak. Horietako azken froga da laguntzaile doktore lehiaketa batzuetan inork bere burua ez aurkeztea. Sarritan uste dugu ez dagoela irakasle elebidun nahikorik eta gertatzen den gauza bakarra zera da, beste unibertsitate batzuk irakasle gazte hauek erakartzen dituztela UPV-EHUk eskaini ditzakeen baldintzak oso apalak direlako (MUk adibidez irakasle sartu berri bati 2400 eurotako hileko soldata garbi bat dute, gure Irakasle Laguntzaile Doktoreen asteko irakaskuntza zama gutxiago batekin). Hala ere, argi dago diru funtsa handiagorik lortzen ez bada egoera horri ezin zaiola itzulirik eman. Beraz, Eusko Jaurlaritzak esleitzen digun diru aurrekontua handitu artean, galdetu nahiko nizuke, ea nolabaiteko plangintza bat adostu dezakezun irakasleria elebidun falta duten sailekin nolabaiteko urte anitzetako plangintza bat, sail horietako balizko doktorego ikasleen artean irakasle elebidunak formatzeko helburuarekin.
Erantzuna
UPV /EHUko soldatak Estatuko unibertsitate-sistema publikoko onenak badira ere, ez dago zalantzarik hainbat alderdi hobetu behar direla, batez ere Gehigarrizko Ordainsari Osagarriena, gure ingurunearekin lehiatu behar baitugu talentua erakartzeko. Eremu batzuetan harrobi arazorik ez badago ere, beste zenbait eremutan, irakasle laguntzaile doktore plaza batzuk, hutsik geratzen dira deitzen direnean. Kasu horietan, doktoratu aurreko kontratuak erreserbatzen jarraitu behar dugu, eta sail bakoitzarekin konpromiso-politika bat ezarri behar dugu, elebidunak ez diren doktoreek behar duten euskara-maila lor dezaten zein doktoreak ez diren langile elebidunek tesia egineta beren karrera akademikoari hasiera egokia eman diezaioten.