Urtarrilaren 30eko GREBA OROKORRA

Jada jakingo duzunez, urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izango dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua. Euskal sindikatuok eta eragile sozial ugarik (pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Sarea…) osatzen dugu.

Gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea edota eros-ahalmena legez bermatzea. Baina greba hau harago doa: azken hamarkadan ezarritako lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesua geldiarazi eta euskal herritarron eskubideen aldeko bideari ekiteko mugarria da urtarrilaren 30eko greba. Patronalaren aurrean langileon agenda indartzea, instituzioak egiten ari diren politika publikoak aldatzea eta geure bizitzen gainean erabakitzeko eskubidea geureganatzea da bide horren helburua.

Testuinguru horretan, LAB, Steilas eta ELA sindikatuen EHUko atal sindikalek eta Ernai gazte antolakundeak EHUko langile eta ikasleei begira batzar informatibo bat antolatu dugu, grebaren arrazoiak eta hurrengo asteetako ekimenak azaltzeko baita egon daitezkeen zalantzak argitzeko eta guztion ekarpenak jasotzeko ere.

Arabako campus mailako asanblada bateratua (ikasleak eta langileak) abenduaren 17an, asteartean, 13:00etan izango da, ikasgelategiko (Elurretako) 213 gelan.

Urtarrilaren 30ean denok grebara!