Aurreko gerentzeari agurra eta hurrengoarentzako eskaerak

Gaur goizean, EHUko pertsonaleko gerenteordetzak deituta bilera informala izan dugu Leioan; bertan, sindikatuon ordezkaritzaz eta pertsonaleko gerenteordeaz gain, kargua utziko duen Javier Varona gerentearekin bildu gara. Biltzeko funtsezko arrazoiak Varona jauna agurtzea eta “egoeraren diagnostiko bateratua” egitea izan dira. Horrelakoetan egiten diren kortesiazko hitzen ondoren, egoeraren diagnosiaren gaiari ekin diogu.

Lehenik eta behin, zera utzi nahi dugu argi: EHUko LAB saila osatzen dugunok ez gara inoren morroi; eta inoren zordun izatekotan, EHUren langileen eskubideen aldeko borrokari zor gatzaizkio. Ez gara zuzendaritzak edo patroiak esne mamitan tratatzeko zale; egiaztatu nahi duenak, hor du hemeroteka.

Ezagutzen gaituzuenok badakizue irmotasuna eta jarrera eraikitzailea uztartzen ditugula gure jardunean. Batzuen ezkortasun, histrionismo edo katastrofismoaren aurrean, une oro, langileriarentzat kaltegarriak diren neurriak salatzen eta, aldi berean, alternatibak proposatzen saiatzen gara. Aldarte eraikitzaile honekin joan gara aipatutako bilerara.

Badakigu asko dagoela EHUren TEKAZEL eremuan hobetzeko; badakigu gai askori ez zaiola heltzen edo atzerapenarekin heltzen zaiola; eta badakigu, jorratu diren gaien artean, askotan beste batzuen babesarekin, langileen interesen kontrako erabakiak hartu izan dituela EHUko pertsonaleko gerenteordetzak. Azken hauen artean daude, besteak beste, 2026ko lanaldia, ganorazko lan-kontratudunen probisioa eta promozioa atzeratzea, edota sindikatu euskarafoboei men eginez onartutako eta indarrean dauden prozesuak arautzen dituen Gutxieneko Akordioa.

Gure aldetik, Gerentzia berriari eskaera zuzena helarazi nahi diogu: pertsonaleko gerenteordetzak izan ditzakeen zailtasunak eta isilpean dabiltzan beste batzuen oztopoak gainditu eta lantzeke dauden gaiei hel diezaiola behingoz. Horretarako, hainbat atal edo zerbitzu indartzea eta beharren araberako hornikuntza egitea ezinbestekoa da.

Gai hauen artean, guretzat atzeraezinak eta garrantzitsuenak direnak honako hauek dira: urrutiko lana abian jartzea; 13, 14 eta 15 mailako lanpostuen hobekuntza; zentroko mantentzaileeneta ofizialen postuak teknikari espezialista izatera pasatzea; TEKAZEL lanpostu guztien balorazioa eta zaharkituta dagoen Erreferentziazko Plantilla berria egitea.

Horrela adierazi izan dugu behar izan den guztietan eta behar izan den tokietan, eta halaxe egin dugu oraingoan ere.

Langile guztien eskubideen defentsan, lanean eta borrokan jarraituko dugu!