LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Berriki hedabideetan publiko egin da EHUko zuzendaritzak CAF enpresarekin duen hitzarmena ez berritzeko erabakia hartu duela, urriaren 8ko gobernu kontseiluan jakinarazi zena. LABek bat egiten du Joxerra Bengoetxeak gidatzen duen taldeak hartutako erabakiarekin.

Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka daraman genozidio politika komunikabideen lehen orrietatik desagertu den garai hauetan, LAB pozten da unibertsitate publikoak eman duen pausoaren ausardiaz. Zinez, Palestinarekiko elkartasunaren garaipena da.

CAF enpresak urteak daramatza estatu sionistaren mesedetan den azpiegitura lanetan. Horrela salatu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak 2025eko irailean, eta aurtengo irailean berretsi du, Israelgo Estatuaren kolaboratzaileen zerrendan mantenduz.

Gainera, CAF enpresaren zuzendaritzak behin eta berriz uko egin dio bertako enpresa batzordeak eta langileek lanuzteen eta mobilizazioen bidez exijitutakoari; estatu sionistarekin harremanak puskatzeari, alegia.

Ikuspegi merkantilisten gainetik, EHUko komunitatearen gehiengo zabal batek partekatzen dituen gizalegezko baloreak lehenetsi dira. 2024ko otsailean, gobernu kontseiluak, aldeko 40 botorekin eta 2 abstentziorekin, adierazpen bat onartu zuen Palestinako egoeraren harira. Nazioarteko zuzenbidea, giza eskubideak eta NBEren ebazpenak errespetatzen ez dituztenekin harremanak apurtzean datza adierazpenak.

Horrez gain, unibertsitateak gerra ekimenak ez garatzeko eta ez bultzatzeko konpromisoa dauka jasota, bai bere kode etikoan, bai 2026an onartutako EHUren estatutu berrietan ere, zeinak klaustroaren botoen % 74rekin onartu baitziren. EHUko komunitatearen borondatea argi dago gai honen inguruan, unibertsitate barruko sektore zehatz batzuen interesen eta EHUtik kanpoko esku hartzearen gainetik.

Ustez mundu mailan unibertsitateen bikaintasuna neurtzen duten sailkapenetatik harago, koherentzia eta erantzukizun sozialaren rankingean jauzi handi bat eman du EHU osatzen duen komunitateak. Arlo akademikotik, munduaren aurrean harro aurkezteko modukoa dela uste du LABek.

Halaber, LABek salatu egiten ditu Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburuk eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindako adierazpenak. Perez-Iglesias Unibertsitate Sailburuak, erabateko arinkeriaz, zalantzan jarri du genozidioa CAFekin kontratu bat ez berritzeko arrazoi eta muga nahikoa denik. Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ez betetzeaz, ordea, ez dio ezer.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak CAFen erabakiak zuritu nahi izan dituzte beste behin ere. EAJko ordezkari instituzionalentzat genozidioaren aurrean zein da muga, orduan? Gogoratu dezagun lehendakariak berak aurreko urtean, Euskal Herrian Palestinaren kontrako genozioaren kontra egin zen lanuzte eta mobilizazio erraldoien testuinguruan, CAF enpresari hausnarketa etiko bat egiteko eskatu ziola. Bada, agerian utzi dute hausnarketa etiko hori EAJk ere egiteko daukala.

Aurrerantzean, hartutako norabideak sakontzera animatzen ditu LABek Bengoetxea errektorea, EHUko zuzendaritza eta unibertsitateko komunitate osoa. LAB bidelagun izango dute. Konpromiso hori berresteko aukerak izango dira, eta LABek lanean jarraituko du EHU publiko, kritiko eta sozialki arduratsu baten alde, Palestinako herriaren eskubideen defentsa eta elkartasun internazionalista oinarri hartuta.

Sionismoaren aurka, Palestinako herriaren eskubideen alde eta herrien askapenaren alde, jarrai dezagun lanean.