Euskara (Bengoetxea)

    Galdera: Euskara – Gradu eta graduondokoen euskalduntzea:

    EHUko Euskararen IV Plan Gidariak jasotzen duen helburua 2027rako graduetan eskainitako derrigorrezko ECTS kredituen % 96ra heltzea da, 2022an % 94,4 izanda. Zuen programan ez dago aipamen zehatza gradu guztien euskalduntzea bermatzeko neurri zehatzei buruz. Zein da zuen asmoa gai horri dagokionez?

    Era berean, master gehienetan dagoen euskararen presentziarik eza jakinda, baduzue asmorik euskarazko eskaintza handitzeko? Zein neurriren bitartez?

    Erantzuna

    Mila esker. Sakonki aztertu behar dugu zein den euskarazko irakasgaien eskaintza eta benetako gauzatzea gradu desberdinetan, baita sailek dituzten giza baliabideak eta horien hizkuntza-profilak ere. Izan ere, egun “eskaintza teorikoaren ECTSen ehunekoa” ez da beti betetzen, euskarazko hautazkoen taldeak baimentzen ez direlako edota bajak daudenean euskaraz matrikulatu diren ikasleei klaseak gaztelaniaz ematen zaizkielako. Kasu batzuetan, euskaraz matrikulatu nahi duten ikasleak behartzen dira gaztelaniaz matrikulatzen gaztelaniazko taldea mantendu ahal izateko.

    Ditugunak baino datu zehatzagoak behar ditugu neurri zehatzak proposatzeko. Sail batzuetan, gerta daiteke euskarazko eskaintza sailaren ahalmenetik behera egotea. Beste sail batzuetan, gerta daiteke defizit bat egotea irakasgaiak euskaraz eman ditzaketen ikasleen aldetik.

    Masterren kasua are konplexuagoa da, eta sailen gaitasunaz gain matrikulatzen diren ikasleen hizkuntza-profilak eta euskarazko irakasgaien eskaria ere aztertu behar da.

    Galdera: Euskara – Hizkuntz ez ofizialekiko lehia:

    Zuen programaren Gobernantza atalaren 9. erronkan, “Euskara eta eleaniztasuna bultzatzea” helburuaren ekintza da “Eleaniztasuna bultzatu nazioartekotze-prozesuarekin batera.” Orain arte, hizkuntza ez ofizialetan eskaintzen den irakaskuntzan epe ertain/luzeko estrategia baten faltan sumatzen da, non zentroen, sailen eta, neurri handi batean, irakasle zehatzen esku geratzen den irakasgai bat hizkuntza ez ofizialetan eskaintzea. Estrategia zehatzik ezaz gain, ingelesezko irakaskuntza hedatu da sail batzuetan non graduetako irakasgai guztiak (izan derrigorrezkoak izan hautazkoak, ala biak) ez diren euskaraz eskaintzen. Hots, kasu batzuetan giza-baliabideak erabiltzen dira hizkuntza ez ofizialetan irakasteko euskarazko irakaskuntzaren kalterako. Hizkuntza ez ofizialetan irakaskuntza-eskaintza egon behar dela kolokan jarri gabe, eleaniztasuna bultzatze horrek graduetako euskalduntzearen kontra izan dezakeen eragina nola ekidingo duzue?

    Erantzuna

    Hizkuntza-plangintza integral batek hizkuntza guztien ekosistema aztertzea eskatzen du, euskaraz ikasteko aukera bermatuz, batez ere graduetan. Lanbide-graduondoetan ere bai bermatu beharko litzateke elebitasuna. Gainontzeko graduondoetan nolabaiteko euskarazko eskaintza bermatu behar da, baina ez derrigorrez errepikatuta. Egon daiteke graduondo bat euskaraz bakarrik eskaintzen dena, edo ingelesez bakarrik, edo gazteleraz bakarrik eskaintzen dena.

    Galdera: Euskara – Kanpoko enpresen zerbitzuak:

    Gaur egun EHUko campusetan kanpoko enpresa batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuetan euskarazko arreta ez dago bermatuta, enpresek bete beharreko kontratuen baldintza-agirietan jasota egon arren. Programan ez dago inolako aipamenik konpondu gabe dagoen egoera horri. Hauteskundeak irabaztekotan, neurriren bat aurreikusita daukazue aipatutako baldintza-agiriak betearazteko?

    Erantzuna

    Mila esker. Hizkuntza-plan integralean kontuan hartzeko gakoa da hau. Kanpoko enpresen zerbitzua eskatzen denean, euskaraz aritzeko aukera aurrikusi bakarrik ez, praktikan jartzea ere eskatubehar da, betiere hizkuntza-eskubideak eta zerbitzuaren kalitatea bermatzearekinb atera. Hori da gurre asmoa.