Galdera
Arduraldi partzialeko irakasleek urte luze daramate soldata oso baxuak kobratzen. Izan ere, 41/2008 Dekretuan jasotako oinarrizko soldatek ez dute kontuan hartzen klaseak eta tutoretza-orduez gain egindako lan-orduak (klaseak prestatzea, formazioa, ezinbesteko kudeaketa eta koordinazio lana…). Prekarietate egoera hori leuntzen saiatzeko neurri bat txertatu zen 2010eko irakasle eta ikertzaileen lan-hitzarmenean: sailean arduraldi partzialeko ordezko 2 kontratu egotekotan, sortzeko hurrengoa aurreko batekin batu behar zen arduraldi osoko kontratu bat osatzeko, hain zuzen ere. LOSU 2023ko martxoan indarrean sartu zenetik egoera okertu zen, EHUko gobernu taldeak egindako irakurketa zurrunaren bitartez. Izan ere, arduraldi osoko ordezko irakasleak kontratatu ezin zirela argudiatuta, irakasle plaza bat lortzeko lan-poltsetan zain zeuden irakasle asko miseriazko kontratuak onartzera behartuta ikusi zuten beren burura, arduraldi partzialeko kontratuak bateratu ezinik. Kaltetuek eta unibertsitateko sektore zabalek beste irtenbide batzuk posibleak direla sinetsita (indarrean dagoen EAEko unibertsitate sisteman bitarteko irakaslearen irudia erabiltzen jarraitzea), ekimen batzuk garatu ziren EHUn gai honi irtenbide zuzen bat emateko eskatzeko; tartean, oso jarraipen handia izan zuten irakasle-ikertzaileen bi greba. 2024/25 ikasturtean aspaldi abiatuta, arazoa egoera berean mantentzen da. Sortu diren laguntzaile doktore plaza berriek arindu dute lan-zama sailetan, baina kaltetutako kolektibo horrek jarraitzen du miseriazko soldatak kobratzen eta bere lan-atazen zati garrantzitsu bat aitortuta izan gabe.
Zuen programan, Irakasleak eta Ikertzaileak atalean, hain larria den gai horri buruzko aipamen laburrean jasotzen da legezko aldaketak egiteko eskatuko duzuela eta sailei baliabide egonkor nahikoak emango dizkiezuela, plantillakoak, figura horretara jotzeko beharra minimizatzeko. Hala ere, aipatu den moduan, ordezkoak gutxiago izan arren, unibertsitate publikoan klaseak ematen dituen irakasle kolektibo batek miseriazko soldatak kobratzen jarraituko du. Arazoa gutxituko da zertxobait, baina ez konpondu. Bestalde, zure programan planteatzen da Irakasle eta ikertzaileen oinarrizko soldata baldintzak hobetzea, bereziki beste lan bateragarririk ez duten lanaldi partzialeko langileenak.
Gainerako irakasle eta ikertzaileen kolektiboaren ordezkari moduan, ondorengo galderak luzatzen dizkiot Eva Ferreira errektoregaiari:
- Zergatik ez duzu planteatzen indarrean dagoen EAEko unibertsitate sisteman arduraldi osoko bitarteko irakaslearen irudia pertsonen ordezkapenetan erabiltzea?
- Zure ustez, irakasleek kalitatezko irakaskuntza garatzeko egin behar dituzten irakaskuntzarekin lotutako zeregin guztiak tutoretza-orduetan egin daitezke, ikasleentzako arreta egokiaren kontura?
- Jakinik arduraldi ordezko irakasle askok ez dutela beste lanik, zergatik mugatzen duzu soldata hobekuntza beste lan bateragarririk ez duten lanaldi partzialeko langileentzat soilik?
USLOren 77.5 puntuan irakasle laboralen ordainsari-baldintzak unibertsitatearekin negoziatzeko eskubidea aitortzen da. Aipatzen dituzun legezko aldaketak egon arte, negoziatuko dituzu irakasle partzialen soldatak ordezkaritza sindikalarekin?
Erantzuna
Legeak oso argi uzten du: pertsonen ordezkapenak partzialak baino ezin dira izan. Erantzuteko, gure historiako irakasle laguntzaile doktore plaza kopururik handiena sortu eta eskaini dugu. 1.000 plaza eskaini ditugu lau urteotan. Eta plaza horietan, hutsik badaude, bitarteko irakasleak lanaldi osoan kontratatzen ditugu. Ondorioz, kontratu bakarrarekin pertsona bat partzialki ordezkatzen ari diren pertsonen kopurua oso txikia da, 50 baino gutxiago. Kopuru txikia izateak ez du kentzen, inolaz ere, haien baldintzak hobetzen saiatzeko beharra. Horregatik, gure ahalegina izan da, euskal alderdi politikoek lagunduta, 80.1 artikulua aldatzea, izapidetzen hasi zenetik. Gure ustez, legedia aldatzea beharrezkoa da, eta, aldaketa hori gauzatu bezain laster, berriz kontratatuko ditugu lanaldi osoan pertsonen ordezko irakasleak.
Era berean, gure ustez, nahikoa zabalak diren plantillen aldeko apustua egin behar dugu, irakasle-ikertzaile kopuruak handituz, gerora sortutako egoeretan irakaskuntzaz arduratu ahal izan daitezen. Nolanahi ere, ordezko irakasleek, lanaldi partzialean kontratatutakoek, Sailaren laguntza handia izan behar dute materialak lantzeko eta baita irakaskuntza-prozesu osoari dagokienez. Pertsonak ordezkatzeko kontratuak, berriro azpimarratzen dut, guretzat ere idealak ez diren partzialeko kontratu horiek, beste lan batekin bateragarriak dira, unibertsitatean nahiz unibertsitatetik kanpo. Argi dago ezin direla alderatu beste enplegu bat duten pertsonen egoera eta enplegu bakarra dutenen egoera; hots, pertsona baten ordezkapen-kontratu partziala baino ez dutenen egoera. UPV/EHUren kasuan, 2024ko irailaren erdialdean 50 baino gutxiago dira azken hauek, eta esan behar dugu haien egoerak bereziki kezkatzen gaituela.
Nolanahi ere, soldatak legegintza-esparruaren barruan negoziatu behar dira. Esparru hori, UPV/EHUren kasuan, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 DEKRETUAK ezartzen du, eta horren erreforma ere bultzatuko dugu.