EPE 2023/2024ko azken berriak eta LABen balorazioa

Mezu honen bidez, martxan dauden prozesuen eta 2023/2024ko EPEaren inguruko azken berriak helarazi nahi dizkizugu, baita egoera honen inguruan LABek egiten duen irakurketa ere.

Azken berriei dagokionez, azken aste eta hilabeteotan askoren ahotan bolo-bolo ibili dena baieztatu da: 2023/2024ko EPEa ez da 2026. urtea amaitu baino lehen ebatzita egongo.

2025eko erdialdean, 2023/2024ko EPEre negoziazioari ekin genionean, amaitu berria zen 2019/2022ko EPEak agerian utzitako eta oraindik konpondu gabe ditugun hainbat auzi genituen mahai gainean. Horietako batek, hain zuzen ere, funtzionario eta lan-kontratudunen prozesuak bereiztea eta abiadura desberdinetan garatzea ekarri du.

Funtzionarioen EPEaren kasuan, orain arte aurreikusitako egutegiari eutsiko zaio, betiere Gerentziaordetzaren asmoen arabera. Horrela, uztailaren 15eko Gobernu Kontseiluan onartuko dira EPEa arautuko duten Oinarri Orokorrak (txanda librea eta barne-sustapena), baita talde bakoitzeko Oinarri Espezifikoak ere. Ondoren, galdetegiak argitaratuko dira, eta irailaren hasieran, izen-emate epea zabalduko da. Azkenik, azterketak azaroan egitea aurreikusten da.

Lan-kontratadunen kasuan aldiz, EHUko Administrazioa behartuta dago, epaitegietan emandako sententzia bat bitarteko, 2019/2022ko EPEaren aurretik “baldintzapeko probisioan” eskainitako lanpostu bat berriz probisioa bidez eskaintzera. Horregatik, eta gure eskaerari erantzunez, Gerentziaren asmoa da egoera berean dauden gainerako lanpostuak ere modu berean eskaintzea, baita orain arte lanpostu hutsak betetzeko inolako prozesuetan eskaini ez diren eta titularrik ez duten lanpostuak ere.

Gure ustez, albiste ona da hori. Ez dugu ahaztu behar azken lanpostu hutsak betetzeko prozesua oso murritza izan dela, lan hitzarmeneko 15. artikuluaren interpretazio hertsi batean oinarritu zelako, bere garaian horrela salatu genuen.

Honenbestez, lan-kontratadunen eta funtzionarioen EPEak erritmo desberdinetan burutuko dira. Aurreikuspenen arabera, probisioa uda ostean egingo da, eta ondoren etorriko dira promozioa eta lan-kontratudunen promozioa eta EPEa.

LABen balorazioa

Iazko udazkenean, 2023-2024 EPEa, funtzionarioen lekualdatze-lehiaketa eta lan-kontratadunen lanpostu hutsak betetzeko prozesua eta sustapena arautuko zituen gutxieneko akordioaz egin genuen balorazioa helarazi genizun. Akordio hori orduko Geretziaordetzak aurrera eraman zuen, TEKAZEL eremuan gutxiengo sindikala osatzen duten UGT, CCOO, CGT eta USO sindikatuen babesarekin.

Hasieratik, LABen gauzak patxadaz eta txukunago egitearen alde egin genuen. Gure proposamena 2023, 2024 eta 2025eko EPEak bateratzea eta 2019/2022ko EPEak sortutako arazoei irtenbide egokiak bilatzeko behar zen denbora hartzea zen. Tamalez, LAB izan zen hori defendatu zuen sindikatu bakarra, eta gainerako guztiek ontzat eman zuten Gerentziaordetzak proposatutako plangintza.

Garai hartan azaldu genuen moduan, hainbat arrazoi tarteko, LABek ez zuen “gutxieneko akordioa” sinatu. Besteak beste, lanpostu kopuru eskasagatik, batez ere lan-kontratadunen probisioan; parte hartzeko aukera oso mugatua izatea, izan ere, azken EPEan egonkortutako langileek ezin zuten funtzionarioen lekualdatze-lehiaketan ezta laboralen promozioan ere parte hartu, legez, bi urteko antzinatasuna eskatzen delako; eta azkenik, guretzat bereziki larria den, euskarari ematen zaion trataeragatik.

Euskararen normalizazioaren kontrako azken boladako epaiek soka luzea ekarri dute. Honen harira, jakinarazi nahi dizugu “gutxieneko akordioan” euskarari ematen zaion trataeraren aurka aurkeztu genuen helegitearen bidea amaitu dela. Beste behin ere, euskararen normalizazioaren aurkako eraso baten aurrean gaudela uste dugu; oraingoan, EHUko langileoi zuzenean eragiten diguna.

Benetan uste dugu orduko Gerentzaiordetzak, zenbait sindikatuen presiopean hartutako erabakia akats larria izan zela. Horregatik, lanean eta borrokan jarraituko dugu etorkizuneko deialdietan euskarak merezi duen trataera izan dezan.

Era berean, azpimarratu nahi dugu LABen gustatuko litzaigukeela batzuekin zein besteekin akordio gehiagotara iristea. Hala ere, euskararen gaian bezala guretzat marra gorriak diren gaiak gainditzen direnean, ezinezkoa zaigu testu bat bere osotasunean sinatzea, nahiz eta haren zati handi batekin ados egon.

Azkenik, sindikatu jakin batzuen jarrera salatu nahi dugu. Sinatzen denaren ondorioak aurreikusteko modukoak izan arren, ondorio horiek gauzatzen direnean, zintzotasun eza izugarriz, hitzartutakotik aldendu, ezikusiarena egin edota ardura guztia Administrazioaren gain uzten saiatzen direnena hain zuzen (esaterako, desplazatuen auzian edo nahitaezko zerbitzu betekizunen eta eginkizunen esleipenen kasuan); edota aspaldi adostutakoa dena berritzat behin eta berriz saldu nahian dabiltzanean (adibidez, hurrengo EPEan azterketako nota gordetzearena).

Gu gurera, lan baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, eta informazio gehiago daukagunean zure esku jarriko dugu.