Urrutiko lanaren plana, TEKAZEL langileontzako aurrerapauso nabarmena

Uztailaren 2an gerentziak urrutiko lanaren plan berria aurkeztu zigun. Ekainaren 18an bidali genuen komunikatuan esaten genuen bezala, hasieratik norabide onean zihoan dokumentu horretan, hobetzeko neurri batzuen txertatzea beharrezkotzat ikusten genuen oraindik.

Astebete eman zitzaigun dokumentua lantzeko eta gure ekarpenak egiteko. Hala, LABen maiz egiten dugun bezala, gure afiliatuei ekarpenak egiteko aukera zabalduz ekin genion lanari.

Gorago aipatu komunikatuan, planaren lehenengo zirriborroan egin genituen eskaerarik esanguratsuenak sailkatu genituen:

  1. Zerbitzu jakin batzuetan burutu behar zen plan pilotu oso mugatu batetik, zerbitzu guztietara zabaldu eta 3 urtez eta ondoren jarraitzeko egitasmora pasatzea eskatu genuen.
  2. Norberaren etxebizitzatik hurbilen dagoen campusean urrutiko lana egitea ahalbidetzea.
  3. Lanpostu kopuru jakin batzuetara ez mugatzea. Aukerak zabaldu eta orokortzea.
  4. Lanpostuak aztertzeko orduan, jarraibide objektiboetan oinarritutako prozedura bat, langilearen iritzia edo azalpena ere jasoko duena.
  5. Telelanerako gai ez diren lanpostuetan 37,5 orduko baimen poltsa bat, lana eta bizitza kontziliatzea errazte aldera.
  6. Telelanerako partzialki gai diren lanpostuetan urrutiko lana egiteko lan poltsaren modalitatea 260 orduetatik 310 ordutara pasatzea.
  7. 55 urte baino gehiago duten eta desplazatuak diren eta telelanerako gai ez diren lanpostuetan jarduten dutenentzat eguneko jardunaldian ordubeteko murrizketa.

Bestalde, uztailaren 2an aurkeztutako zirriborroari, besteak beste, honako eskaera hauek gehitu genizkion:

  1. Deskonexio digitalari esplizituki aipamen egitea, administrazioak bermatu beharreko eskubide gisa.
  2. Urrutiko lana egiteagatik sortzen diren gastuen ordainketa.
  3. Norberaren etxebizitzatik gertuen dagoen campusean lan egiteko aukera ematea, bizi den herrialdea edozein dela ere.
  4. Telelanerako gai ez diren lanpostuetan azkenik eman den 27 orduko baimen poltsa, orduka zein egunka hartzeko aukera ematea.

Bada, esan beharra dugu, oro har, gure eskaerak kontuan hartu izan direla. Horrela, plana, proba piloto mugatua izatetik 3 urteko eta aztertu ondoren hobetu eta luzatzeko plana bilakatu da, langile guztioi zabalduta; desplazatuentzat norberaren campusean lan egiteko aukera ireki egin da; lanpostuak aztertzeko, jarraibide objektiboetan oinarritutako prozedura ezarri da, non gerentziak izango duen azken erabakia eta ez zerbitzuburuak; telelanerako gai ez diren lanpostuetan jarduten dutenentzat 27 orduko baimena orduka zein egunka ere disfrutatzeko txertatu da; deskonexio digitala bermatuta geratzen da…

Era berean, LABen oso kontziente gara gure ekarpen edo eskaera guztiak ez daudela plan berri honetan barneratuta, baina aitortu eta azpimarratu nahi dugu 2025ean aurkeztutako lehen zirriborrotik oso urrun dagoela azken hau; aurrera pausoa nabarmena da, batez ere batzuk egin dugun lanagatik. Halaber, etorkizun hurbilean, planean bertan azaltzen den bezala, jarraipen batzordearen bidez, planak izan ditzakeen gabeziei aurre egin eta hobekuntzak ezartzeko aukera izango dugu.

Batzuk tema daitezke legeak esaten duenaren arabera telelanaren plan bat eskatzen, baliorik gabeko hitz hutsetan gera daitekeen eztabaidatan, urrutiko lanaren plan honi benetako eragin positiboa kenduz, batez ere, horrelako plan baten aurrean, non ukaezina den eman den aurrerapausoa EHUko TEKAZEL langileon baldintzetan.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi LABen nahiago genuela plan hau sindikatuon sinadurarekin ateratzea, akordio gisa. Egia da administrazioak ekarpenak egiteko aukera eman eta sindikatuak ere lantzera gonbidatu gaituela, alabaina, azkenik jardunaldia eta egutegiaren barneko eranskin bezala argitaratuko da.

Bukatzeko, uste dugu plan berri honekin TEKAZEL langileon lan baldintzetan aurrera jauzia nabaria dela, eta dauzkagun erronkak norabide honetan lantzera gonbidatzen dugu administrazioa.

Langileon lan baldintzetan aurrera egiten lanean jarraituko dugu.