35 plaza berri sortuko dira Lanpostuen Zerrendan

Gaur bildu da lan kontratudun eta funtzionarioen Plangintza Batzordea, puntu bakarra aztertzeko: Lanpostuen Zerrendatik kanpo dauden programa-kontratuetako 35 kontratu Lanpostuen Zerrendaren plaza bilakatzea.

LABek pozik hartu du berria, kontuan hartuta kontratu horietan ari diren langile askok urte luzeak (6-8-10-12-…) daramatzatela urterik urte berritu izan zaizkien programa-kontratuetara lotuta.

LABek urte asko darama aldarrikapen hau planteatzen hauteskunde sindikaletan, negoziazio mahaietan eta Gobernu Kontseiluan (2018ko otsailean proposamena aurkeztuta, 31 aldeko bozka, 2 abstentzio eta kontrako 1 eskuratuz). Beraz, poztu egiten gara, egindako lan eta ekimen ezberdinek azkenean fruituak emango dituztela ikustean. Gaur ere jakin izan dugu Lanpostuen Zerrendako plaza horietan egun programa-kontratuetan dauden berberak arituko direla. Aldaketa, behin Gobernu Kontseiluan onartuta, 2020ko urtarrilean jarriko da indarrean.

Hala ere, albiste pozgarri honek badu bere alde iluna: Lanpostu Zerrendatik kanpo geratuko diren gainontzeko 65 kontratu bi txanda atzeratuagoetan LZren plaza bilakatzeko asmoa duela UPV/EHUk, hots, 2021 eta 2022an, horrela adostuta Eusko Jaurlaritzarekin.

LABek agerian utzi du gaurko bileran ez dagoela inolako aitzakiarik 65 kontratu horiek ere LZko plaza bilakatzeko, eta bere esku dagoen guztia egingo du epeak azkartzeko. Ez dugu ahaztu behar, 100 kontratu hauek aurreko Unibertsitate Planaren barruan LZren plaza bilakatzea aurreikusita zegoela eta, krisi ekonomikoaren aitzakian gerarazi zuen hori Eusko Jaurlaritzak.

Administrazioak gaur ekarri du proposamen berritua eta datorren astelehenean egingo den bilera berrian honekin bukatzea espero da. Horrela, dena geratuko litzateke prest azaroaren hasieran egingo den Gobernu Kontseiluaren bileran plaza-sorrera garrantzitsu hau onartua.

Prebentzio Zerbitzuaren Osasun Arloa Bilbon eta Mantentze Zerbitzua 

Administrazioak, bestalde, Mantentze laneko mekanika Ofizial baten plaza huts betegabea amortizatuko duela Enpresako Erizain plaza sortzeko ere iragarri du.

LABek urte asko darama aldarrikatzen Osasun Unitatearen beharra Bilboko eremurako, araudiak zehazten duen mediku eta erizain banarekin, zerbitzu egokia eman eta azken urteotako txapuzekin bukatzeko. Proposamen honekin uztailean mediku plaza sortzeko hartutako erabakia osagarrituko da.

Horretarako Gerentziak Mantentze mekanika Ofizial plaza bat erabiltzea bere eskumena dela jakin badakigu. Baina baita ere UPV/EHUk aurkeztu gabe duela Mantentze Zerbitzua kalitatekoa eta behar besteko dotazioekin hornitua izateko proposamena. Horrek, ez beste ezerk, ahalbidetuko du gaur egun hutsik dauden plazak eta bajak betetzeaz eta ordezkatzeaz batera, enpresa pribatuen erabilpenari harresia jartzea eta behar guztiei arreta eman ahal izatea.