Batzar informatiboa: EHUko aldi baterako irakasle eta ikertzaileen prekarizazio eta diskriminazioari ez!

Lanaldi partzialeko irakaslea bazara,

irakasle atxiki edota aldi baterako beste irakasle-ikertzaile kontratadun bazara,

ikertzailea (doktoregoa aurreko zein doktorego ostekoa) bazara,

adi batzar honi!

UPV/EHUn irakasten eta ikertzen duzuen langile askoren lan baldintzak prekarietate bezala ezaugarri ditzakegu. Era berean, aldi baterako irakasle-ikertzaileak izanda, diskriminazio batzuk pairatzen dituzue, osagarri batzuk eskatzea ukatzen baitizuete, kasu askotan osagarriak lortzeko meritu nahikorik izan arren.

LABetik EHUko zuzendaritza taldeari prekarizazio eta diskriminazio egoera hauek behin eta berriro salatu eta beraiekin bukatzeko proposamenak egin arren, endemiko bihurtu dira. Urteetan zehar EHUko langileen defentsan egindako lanak, gure eskubidetan atzerapenak ez egiteko ezinbestekoa izateaz gain, lorpen nabari batzuk izan ditu. Hala eta guztiz ere, EHUko Zuzendaritza taldearen jarrera itxiarekin topatzen gara maizegi. Adibide argiena, gatazkak judializatzeko praktika orokortua da. Izan ere, lan-baldintzei lotutako egoera ezberdinak konpontzeko zuzendaritzak erakutsitako borondate ezagatik epaiketara eraman behar izan ditugu gai batzuk (seiurteko edota doktorego aurreko ikertzailen soldatak kasu). Are okerrago, epaiak langileen aldekoak izan direnean, EHUk errekurritu ditu, bere langileen kontra arituz eta prozesu hauek urte batzuk hedatuz (atzean dagoen prekarizazio eta diskriminazio egoerak luzatuz).

Iniziatiba hartzeko eta mugitzeko unea heldu delakoan gaude. Hori dela eta, batzar informatibo batera deitzen zaituztegu, afektatzen zaituzteten gai batzuen egoera komentatzeko baita zuen iritziak jasotzeko. Hain zuzen ere, honako hauek izango dira jorratzeko gai nagusiak:

  • Aldi baterako ikertzaileen (doktorego aurreko zein ondokoak) soldaten inguruko gaur egungo egoera.
  • Lanaldi partzialeko irakasleen egoera (egoera ezaugarritzea eta borrokatzeko puntu gakoak).
  • Aldi baterako irakasle eta ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko ukazioa EHUko zuzendaritzaren partetik (egoera eta aldarrikapenak garatzea).

Batzarra azaroaren 3an, asteazkena, 13:00etan burutuko dugu, bideokonferentzia-sistemaren bitartez (presentziala baina 4 gune fisiko ezberdinetatik):

Araban: Lascaray ikerguneko bideokonferentzia gela (beheko solairuan)

Gipuzkoan: Carlos Santamaria eraikineko 3. ikasgela.

Leioan: Leioako Liburutegi nagusiko bideokonferentzia gela. 6. solairuko mintegian (6A4 gela)

Bilbon: Ingeniaritza Eskolako 1. Eraikineko Bideokonferentzia gela (P0A1).

Horrez gain, eta seiurtekoen gaiari lotuta, ekimen bat jarri dugu martxan. Dakizuenez, ikerketa seiurtekoen aurreko deialdian kanpoan utzi zituzten, beste behin ere, aldi baterako irakasle eta ikertzaileak, ANECAk lehen aldiz aukera hori ireki arren. Izan ere, ANECA eta bertoko ebaluazio-agentziaren bitartez gehigarri (adenda) bat sina daiteke eskaerei bide emanez, unibertsitate batzuek egin dutenez, NUP kasu. EHUtik eta Unibasq-etik ez zuten nahi izan aukera hori aprobetxatu. Urte amaieran seiurtekoen deialdi berria aterako da, eta denboran daude oraingoan gehigarri hori adosteko. Azken hilabeteetan bilera ezberdinetara eraman dugun eskaera hau presenteago egon behar da momentu honetan. Horregatik Unibasq-eko zuzendariari, EHUko errektoreari eta EHUko irakasle eta ikertzaileen errektoreordeari mezu bana bidaltzeko ekimena jarri dugu martxan. Mezuan aipatutako gehigarria sinatzeko eskaera egiten da, zuei ere ikerketa merituen ebaluazioa eta, ebaluazioa positiboa izatekotan, ordainketa bideatzeko. Esteka hauetan (odt [1] [2] [3] eta doc [4] [5] [6]) dauzkazue hiru ereduak  haiei bidaltzeko (dauden moduan edo norberak moldatuta). Ez ahaztu behean data eta izena jartzea. Eskatuko genizueke guri jakinaraztea bidali dituzuela, zenbat eskaera bidali diren jakiteko.

Eskaera bidaltzeko epostak honako hauek dira:

Unibasq-en zuzendaria: info@unibasq.eus, iheras@unibasq.eus

EHUko Errektorea: secretaria.rectora@ehu.eus

EHUko irakasle eta ikertzaileen errektoreordea: vicer.pdi@ehu.eus

Campuseko batzarretan harremanetan egongo garelakoan, laster arte.

Zabaldu zure aldi baterako lankideen artean.

Denok batera, EHUko prekarizazio eta diskriminazioaren kontra!