2018ko LEPa: LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuen komunikatua ∼ 3 Campusetan konzentratzera deitzen dugu
Urriaren 11n egin genuen UPV/EHUko sindikatu eta Administrazioaren arteko lehen bilera 2018ko Lan Eskaintza Publikoaz (LEP) jarduteko.
Bilera horretan lau sindikatuok adierazi genuen ez genuela onartzen UPV/EHUren Gerentziak bidalitako 2018ko deialdi berrian 38 lanpostu ateratzea, 2016ko eta 2017ko deialdiek edukiko dituzten bermeak eduki barik. Egonkortasun Akordio berria aldarrikatu genuen edo, egon ezean, lanpostua lortuko ez luketen langile bakanen birkokatzea. Eta Administrazioak ez bazuen ez bata ez bestea onartzen, 2018ko deialdia atzeratzea 2019/2020 urteetara.
Hori heleraziko ziotela Administrazioaren ordezkariek Gerenteari hitz emanda, bigarren bilerarako (2018/10/18) erantzunaren berri emango zelakoan geunden. Guztion harridura eta haserrea ezin handiagoak izan ziren halakorik ez zutela ekarri ikustean, aurrekora ekarritako proposamen berbera baizik, aldaketa bakarra 2018ko deialdian irtengo ziren lanpostuena izanik.
Bakoitzak erabilitako kalifikatiboen eta hartutako erabakien gainetik, lau sindikatuok bat gatoz honako puntu hauetan:
1.- 2016ko ekainean sinatutako akordioa eta Gobernu Kontseiluak berretsitako 2016 eta 2017ko deialdiak oso onuragarriak dira langileentzat eta birkokapenak bermatzen dituzte soilik egonkorrek betetako lanpostuak deitzen direlako.
2.- Administrazioak erakutsitako arduragabekeria eta norabide falta nabarmena da, orain Gobernu Kontseiluak berretsitako akordioen alde bakarreko aldaketa proposatuz.
3.- Ez da egia 2018ko deialdia 2016 eta 2017ko deialdiekin batera egin behar denik, Administrazioak berak bere proposamenean jasotzen duen bezalaxe. Badaude bestelako aukerak presaka eta korrika ibili behar gabe.
4.- Laurok eskatu dugu, Egonkortasun Akordio berria ez dagoen edota erdiesten ez den bitartean, lanpostu finkoa lortuko ez luketen langile apurrak birkokatzeko konpromisoa. Ondorioz, 38 lanpostu horien proposamena kentzea edo inor lanik gabe ez geratzeko proposamen bermedunak exigitzen ditugu.
UPV/EHUko LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok onartezintzat jotzen dugu UPV/EHUko Administrazioaren jokabidea, eta bera zuzentzera dei egiten diogu Gerentziari, eta Nekane Balluerka Errektoreari dituen eskumenak eta erantzukizunak kontuan hartuta, hauteskunde kanpainan zein berriki onartutako Plan Estrategikoan jaso bezala AZPkoon egonkortasuna berma dezala.Gaiak duen garrantzia eta larritasuna kontuan hartuta, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok datorren asteko ostegunean, urriaren 25ean, KONZENTRAZIOAK deituko ditugu hiru Campusetan:
Bilbon: Bilboko Ingeniaritza Eskolaren aurreko Plazan, goizeko 11:00etan
Donostian: Carlos Santamaria Bibliotekaren atarian, 13:00etan
Gasteizen: Arabako Campuseko Errektoreordetzan. 13:00etan
Leioan: Errektorego Eraikinaren goiko sarreran, 13:00etan
Orain da langileon haserrea gure eskubideen defentsan erakusteko unea. Horrexegatik Konzentrazioetan UPV/EHUko AZPko langile guztiak parte hartzera deitzen ditugu.