Gaur, hilak 5, “berrargitaratu” da EHAAn 2017ko osagarrien deialdia, A, B eta UET ez-doktoreen tarteak esleitzeko. Hilabeteko epea dago eskaerak egiteko, bihar zenbatzen hasita, eta Unibasq-eko web-gunera jo beharko duzue horretarako. Ez ahaztu Protokolo berri bat dagoela indarrean tarte hauek ebaluatzeko, baina 2017ko “jatorrizko” deialdian eskaera egin bazenuen, aurrekoa aukeratu ahal izango duzula.
Gogoratu, era berean, C tarteak esleituta badaude ere, besteen ebaluazioa eten egin zela pasa den uztailean, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren aginduz. Bertan gure ordezkariek gogor kritikatu zuten deialdiaren etetea, honek irakasle-ikertzaile askorengan eragiten zituen kalte ekonomikoengatik. Horregatik, deiadia “berrargitaratzeko” urriaren 10ean izandako saioan, bidegabekeria hau salatzeko kontzentrazio bat antolatu genuen LAB eta Steilas sindikatuok Kontseiluaren aurrean.
Steilas eta LAB sindikatuok irakasle-ikertzaileen osagarriak eskuratzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, gure soldataren zati bat direlako. Horregatik, eragile inplikatu guztiei exijitzen diegu behingoz osagarrien deialdiak normalizatzea, hau da, urtero eta garaiz argitaratzea hurrengo urtetik aurrera kobratu ahal izateko.
Erne egongo gara.