Bosturtekoak: noiz arte irakasleen eskubideak ukatzen?

EHUko zuzendaritzak bere ardurak onartu behar ditu

Gaia kokatzeko…

Bi urte eta erdi pasatu dira jada behin-behineko irakasleek irakaskuntzari lotutako bosturtekoak jasotzeko aldarrikapen ekimen batzuk martxan jarri zirenetik (190 irakaslek sinatutako manifestua diskriminazio egoera salatzen, Errektoretzan kontzentrazioa, bosturtekoen eskaera erregistratzea, prentsa agerraldiak, etab.). Errektoretza taldetik behin eta berriro jasotako erantzuna ezinezkoa zela izan zen.
Egoera aldatu zen nahiko 2016ko otsailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren gizarte arloko epaimahaiak EHUko behin behineko irakasle bati bosturtekoen deialdian parte hartzeko eskubidea aitortu zionean (203/2016 sententzia). Sententzia honek errektoretza taldea mugiarazi zuen. Izan ere, behin-behineko irakasleek protesta moduan 2015eko abenduan erregistratutako bosturtekoen eskaerei erantzuna eman zitzaien eta deialdi berezi bat ireki zen 2016an bertan, gainontzeko behin-behineko irakasleek bosturtekoak eskatu ahal izateko. Baldintzak betetzekotan bosturtekoak aitortzen ziren, baina ordainketa 41/2008 dekretuaren eguneratzera baldintzatuz, zeren eta dekretuak behin-behineko irakasleen bosturtekoak ez baititu jasotzen. Momentu horretatik aurrera EHUko zuzendaritza taldeak aitortutako bost urtekoak ez ordaintzeko aitzakia hori izan zen; ezinezkoa zela esatetik Eusko Jaurlaritzak dekretu hori eguneratu arte irakasleei zenbat ordaindu behar zitzaien ez zekitela argudiatzera pasatu zen.
Horretaz gain, behin behinekoak izanda bost urtekoak aitortu zitzaizkien eta handik gutxira plaza iraunkorra lortu zuten irakasleei eskutitz bat bidali zitzaien iraunkor bezala bosturtekoa eskatzera animatuz. Hala ere, horretarako aitortutako bosturtekoei uko egin behar zioten jakinarazten zitzaien (modu honetan, ez iraunkor bezala aitortu zitzaienetik iraunkor bezala aitortuko litzaiekeenera arte doan tarte horri dagokion dirua galduz). Modu honetan, aitortutakoa noiz kobratuko zenaren ziurgabetasunaz aprobetxatuz, arazoa arintzen saiatu dira, ordaintzeko modua bilatu ordez.
2017ko martxoan beste sententzia bat dago (117/2017; Bilboko gizarte arloko 2. epaimahaiarena) non EHU kondenatzen den irakasle atxiki bati aitortutako bosturtekoak ordaintzera eta kantitate bat zehazten den. Kasu honetan, irakasle kolaboratzaileentzat 41/2008 dekretuan jasotako bosturtekoen kantitatea definitzen du epaileak irakasle atxikiarentzat (1257,24 euro urtean, hain zuzen ere). Are gehiago, epaileak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bosturtekoa ordaintzeko. Modu honetan, nahiz eta izan behar zena baino zerbait baxuagoa izan, kantitate bat finkatzen da. Beraz, EHUko zuzendaritzatik bosturtekoak ez ordaintzeko erabilitako argudioa bertan behera geratzen da. Hala eta guztiz ere, EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententzia horri. Alabaina, 2017ko irailean epaileak helegite hori bertan behera utzi zuen. Beraz, Eusko Jaurlaritzak 41/2008 aldatzeko asmorik ezaz haratago, EHUko zuzendaritzak baditu bideak (eta sententziak mahai gainean) behin behineko irakasleei aitortutako bost urtekoak ordaintzeko (baita 2017ko bosturtekoen deialdian aitortuko direnak ere). Hala ere, beren langileen alde egin ordez, aitortuta daukatena bete ordez, diskriminazioarekin bukatzeko aurrerapausoak eman ordez, ematen du EHUko zuzendaritza erosoago dagoela arazo laboralak epaiketa-bideetatik eramatera langileak behartuz.

EHUko zuzendaritza taldeak ezin du arazotik ihes egiten jarraitu

Bosturtekoak jaso ez izatearena behin-behineko kolektiboaren diskriminazioarekin bukatzeko adibide argienetariko bat da. Errektoretza taldeak arazo bat dauka mahai gainean eta neurriak hartu behar ditu konpontzeko. Ezin du jarraitu beste alde batera begira, ezta irtenbidea ez bilatzeko Eusko Jaurlaritzaren borondate ezaz baliatu ere. Eusko Jaurlaritza egoera honen erantzulea bada ere, EHUko zuzendaritza irakasle kolektibo honen eskubideen zapalketaren parte aktiboa da, Eusko Jaurlaritzarekiko morrontza jarrera erakutsiz ere.
EHUko aurrekontuak mugatuak badira ere, ezin da dirua aurreztu langileen kontura (are gutxiago, desabantaila egoeran dauden langileen kontura), diskriminazio egoera hau luzatuz. Zentzu horretan, galdetu behar dugu ea ere nola izan zen posible 2016ko amaieran bosturteko deialdi bat ateratzea non behin-behineko irakasleak aurkeztu ahal zuten baina, aldi berean, 2017ko aurrekontuetan meritu hori ordaintzeko dirurik ez jasotzea. Gauza bera gertatuko da orain? 2017ko deialdian parte hartzen utzi baina 2018ko aurrekoetan ordaintzeko dirurik ez jaso? Honek erakutsiko luke ez daukatela inolako asmorik ordaintzeko. Eta hau langileez barre egitea da.
EHUko zuzendaritza taldeak denbora dauka 2018ko aurrekontuetan idazpen bat sartzeko behin-behineko irakasleei orain arte aitortutako bosturtekoak eta 2017ko deialdiaren ondorioz aitortuko direnak ordaintzeko.
Aipatutako egoera kolektibo handi bati dagokion arazo bat da. Ez da arazo indibidual bat. Beraz, irtenbidea kolektiboa bilatu behar da, bosturtekoak aitortuta dauzkaten irakasle guztientzat. EHUko zuzendaritzak arazoa epai-bidetik eta era indibidualean bideratzeko saiakerarekin denbora irabaztea, arazoa diluitu eta bere ardura ezkutatu baino ez du nahi. Kaltetutako irakasleek ez lukete epaitegietan denbora, dirua eta arreta galdu beharko aitortu zaiena jasotzeko. EHUko zuzendaritzak bete behar du dagokiona.
Errektoretza taldea, nahikoa da beste alde batera begiratzeaz eta langileen kontra egiteaz!
Aitortutako bosturtekoak ordaindu behar zaizkie jada aitortuta dauzkaten irakasle guztiei!