Azken aste hauetan langile askoren kontsultak eta kexak jasotzen ari gara UPV/EHU-k martxan dituen prozedura batzuen inguruan. Zehazki, erretirora iragatea errazteko neurriez, ordainsari osagarriez eta doktore laguntzaile laguntzaileen formazio kurtsoez ari gara. Administrazioaren erantzun ezak ziurgabetasuna sortzen du eta, kasu batzuetan, prozedura batzuetarako eskaera zailtzen eta atzeratzen du. Presak, aurrerapenik eza eta langilerik eza dira kudeaketa txar horren arrazoi nagusiak.
Erretiro planean sartu diren irakasle-ikertzaileek badakite zenbat kontsulta egin behar izan duten erretiro-modalitate batean edo beste batean sartzean zein egoeratan geratuko liratekeen jakiteko. Gaia konplexua da, bai, baina planak berak eta jarraitzeko prozedurak sortzen dituen zalantzen aurrean EHUko Administraziotik erantzun argiak ez jasotzea ez da onargarria. Ez erretiro-modalitate bat eskatzeko ezta, eskaera behin eginda, ebazpena jasotzeko ere. Ez dira gutxi oraindik ebazpenaren zain dauden irakasleak, zein eperekin eta zein irakaskuntza-dedikazioarekin geratuko diren baieztapenaren zain. Ziurgabetasun horrek ez du bakarrik erretiro-planean hasiko den irakaslea kaltetzen, baizik eta bere saileko lankideak, irakaskuntzaren banaketan eragina zuzena duelako. Ikasturtea hasita egonda, beharrezkoa da irakasle horiek zein egoeratan geratuko diren lehenbailehen konfirmatzea.
Irakasle-ikertzaileen ordainsari osagarriekin sortutako egoera kexa eta urduritasun iturria izan da. Web-atarian dokumentuak badaude ere, prozeduraren alderdi batzuen inguruko zalantzak EHUko Administraziotik erantzun behar dira. Hala ere, zalantzetarako iragarritako telefonora momentu ezberdinetan deitu arren eta mezu elektronikoak bidali arren, egunak pasatzen dira eta erantzuna ez da heltzen. Osagarriak eskatzeko prozedurak bizkorra izan behar du, burokrazia gutxitu behar da (meritu berberak eskaera ezberdinetarako aurkeztu behar izan gabe) eta dokumentuetan azaltzen ez diren alderdiak era azkarrean erantzun behar dira. Izan ere, denbora eta arreta inbertsio handiegia suposatzen du irakasle-ikertzaile askorentzat, beste ekimen batzuetan inbertitu beharko luketena. Gainera, Administrazioak badauzka jada eskatutako datu horietako asko. Izapide horiek automatizatu daitezke neurri handi batean.
Informazio argiaren falta nabaria izan da irakasle laguntzaile doktoreentzako formazio ikastaroaren inguruan ere. 2023ko apirilaren 12an indarrean sartu zen USLO legea, non irakaskuntza-formazioaren ikastaroa kontratuaren lehenengo urtean egitearen derrigortasuna jasotzen den. LAB sindikatuak galdetu du gai horren inguruan hainbat gunetan baina informaziorik ez dugu jaso. 2023/24 ikasturtea igaro eta ikasturte honen hasieran gaiaren inguruko informazioa eskatzen jarraitu dugu. Kontratua sinatu zutenetik urte bete pasata irakasle batzuek ezin izan dute formazio hori jaso lehenengo urtean legeak agintzen duen moduan. Tartean, G9 taldeak kolektibo honi zuzendutako ikastaroak egiteko aukera jakinarazi zitzaien laguntzaile doktore berriei, egitea ezinbestekoa zen ala ez argitu gabe. Horrek nahasmena sortu zuen irakasle-ikertzaileen artean. Berandu, baina dagoeneko martxan dago Abiatu programa, betebehar horri erantzuteko asmoarekin, baina hainbeste hilabetetan zehar irakasle kolektibo hori ziurgabetasun horretan mantentzea ez da onargarria.
Aipatutako egoeren aurrean, EHUko LABen atal sindikaletik honako eskaera hauek egiten dizkiogu Administrazioari:
- Prozedura eta eskaerei dagokienez, langileei erantzutea garaiz eta behar bezala. Onartezina da langile askoren zalantzen aurrean erantzuna isiltasuna izatea. Kontsulta zehatzen eta arazo teknikoen aurrean Administrazioak beharrezko informazioa arrazoizko epean eman behar du. Arazo honi heltzeko berrantolaketa lanari zein TEKAZEL plantilla handitzeari ekin beharko litzaioke. Ondo hornitutako administrazio-atal antolatu eta trebatuek unibertsitateko funtzionamendu hobea bideratuko dute.
- Burokrazia gutxitzea. Prozedura batzuetan aurrerapausoak eman badira ere, badaude oraindik hobetzeko alderdi asko. Ezinbesteko bermea behin ziurtatuta, prozedura batzuk gehiago automatiza daitezke, bereziki jada Administrazioaren aurrean aurkeztutako informazioa beste aldi batzuetan berriro aurkeztu behar ez izateko.
Informazio eta erantzun falta ezin da izan EHUko Administrazioaren ohiko praktika.