Maila baxueneko ordainsariak hobetu behar dira lehentasunez
Azken egun hauetan, TEKAZEL Gerenteordeak sindikatuoi jakinarazi zigun urriko nominan 2024ari da-gokion %0,5eko igoera jasoko dugula. 2024 urteko igoeraren barne zegoen ordaindu gabeko puntu erdia da orain egokituko zaiguna. Hala ere, 2025eko igoeraren zantzurik ez da somatzen inondik ere, urtea bukatzear gaudelarik.
Hala, EHUko TEKAZEL langileek eta, bereziki, ordainsari-maila baxuenetakoek beren soldata eskasekin egiten diote aurre prezio-igoerei.
Zentzu honetan, orain errektore den Joxeramon Bengoetxeak hauteskunde kanpainan hartu zituen bi konpromiso gogoratu nahi ditugu:
- 1.“Galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko bidea ireki Eusko Jaurlaritzarekin: azken urteetako %10eko galera berehala eskuratzea, eta murrizketekin galdutako beste %10a aurrerago.”
- 2.“13, 14 eta 15 mailako TEKAZELen ordainsarien hobekuntza negoziatu alde sozialarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin”.
Jakin badakigu, hauteskunde programetan proposatzen den guztia osotasunean betetzea zaila izaten dela, dena ez baitago irabazleen eskutan bakarrik, faktore ezberdin askorengatik, hala nola, finantziazioa, etab… Era berean, badakigu ere, denbora behar dela horrelako neurriak aurrera eramateko.
Hala ere, LABek berriz mahai gainean jarri nahi du funtsezkotzat jotzen duen EHUko langileen eros-ahalmenaren galera, TEKAZEL zein IRIena ere. Kontuan hartu behar dugu azken hamarkadan %10 jeitsi dela langileon eros-ahalmena, eta azken hiru urteetan (2022-2023-2024) gure soldatak %9,5 igo dira, bai, baina gure eros-ahalmena 3,6 puntu gutxitu da KPIren igoeraren ondorioz (%13,1).
Horiek horrela, argi dago langile guztioi ez digula berdin eragiten igoerak, ezta eros-ahalmenaren galerak ere. Horregatik, LABen iritziz soldata baxuenak jasotzen dituzten langileenak hobetu behar dira gehiago (13, 14, 15 eta 16 mailetakoenak) hurrengo urtean.
Idazki honetan Irakasle eta ikertzaileen egoeran zentratuko ez bagara ere, argi dago arazoa kolektibo guztiak zeharkatzen dituela, eta, haien artean, unibertsitatean egoera prekarioenean dauden arduraldi partzialeko ordezko irakasleak ezin ditugu ahaztu, 400-800 euroko soldatekin. Egoera horrek irtenbide propioa behar du.
EHUren finantzaketa publikoa eta soldata duinak
Unibertsitate publikoaren finantzazioa oso presente dago EHUn. Joan den asteko asteazkenean bestesindikatu batzuekin batera elkarretaratzea egin genuen Donostian, ikasturtearen hasierako ekitaldia zela eta, Eusko Jaurlaritzari EHUren benetako beharren araberako finantzaketa eskatzeko . Era berean, Errektoretza-taldea ere interpelatu genuen, negoziazioetan irmoki defenda ditzan unibertsitate publikoaren beharrak.
LABek ezinbestekotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak estatuko sindikatuekin adosten dituen ordainsariak txintik esan gabe aplikatzeari uztea. Beste alde batetik, EHUk bere benetako beharretara egokitutako finantzaketa izatea ezinbestekoa da langileen soldatak ere halakoxeak izan daitezen. Gainera, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak EAEren egoerara egokitutako soldata igoeren proposamen bat aurkeztea negoziazio mahaian, argi ikusi baitugu borondatea dagoenean posible dela. Horren adibide da Ertzaintzan lortutako akordioa, KPIa baino askoz ere igoera handiagoarekin.
Horregatik, errektoretza talde berriari eskatu nahi diogu ez dezala atzean utzi TEKAZEL langileon behar eta aldarrikapen hau. Galdutako eros-ahalmena berreskuratzea ez da albo batean utz daitekeen gaia. Era berean, maila baxuenetako langileen eta, orokorrean, langileria osoaren egoerari konponbidea eman behar zaio, dela bide bat edo bestea.
Bada zer egin! Hemen lan egin, hemen erabaki!