Europako Esparruan dauden Unibertsitate Sistemek hainbat aldaketa bizi izan dituzte azken urteotan eta aldaketa horiek, batez ere, neoliberalismoa eta estatuen interesetan oinarrituak dira. Aldaketa horiek eragin zuzena izan dute Euskal Herriko Unibertsitateetan, bai Unibertsitate Publikoetan zein pribatuetan, izan ere, kasu askotan ez dira lehenetsi herri bezala ditugun erronkak. Azaroaren 7an martxan jarri zen UPV/EHUko hauteskunde kanpaina momentu aparta da errealitate honi buelta emateko proposamenak, aldarrikapenak, neurriak eta bideak eztabaidaren erdian jartzeko.
Aurreko UPV/EHUko errektore-hauteskundeetan bezala, LABi une egokia iruditzen zaio partekatzeko gure kritikak sistemari, oraingo talde errektoralari edota aurkezten den hautagaiari gure kezkak eta lehentasunak helerazteko erantzunaren zain.
Azaroaren 24a, hitza hartzeko eguna izango da, bozkaren bidez batzuk, mobilizatuz besteak. Bermatu dezagun bozkatu nahi dutenen eskubidea, ez bozkatzea erabaki dutenen eskubidea eta erabakia errespetatu behar den bezala. LABetik dei egiten diegu Unibertsitateko eragile guztiei Errektore-hauteskundeak behar den giroan egin daitezela. Halaber, hauteskunde kanpainan guztion hitza -oztoporik gabe- errespetatua izatearen alde eta kanpaina behar den giroan bermatzearen alde dagoela zabaldu nahi du LABek.
LABek bere konpromezu irmoa agertu nahi du Adierazpen Askastasunaren alde UPV/EHUko campusetan. Unibertsitate guneak aske eta kritikoa izan behar du, ideiak konfrontatzeko eta aukera ezberdinen arteko lehia ideologiko eta politikoa egiteko gunea dira. Unibertsitateko agintariak horren kontra agertu direnean publikoki salatu dugu.
LABetik beti aldarrikatu dugu Ikasle mugimendu sendo eta eraikitzailea edukitzea berme bat dela hezkuntza eredu propio eta berri baterako bidea egin nahi badugu. Eta bat gatoz beste gauza batean: mobilizazioa da ikasleek duten tresna nagusia beren aldarrikapenak mahai gaineratzeko eta borrokatzeko gaurko eredu honetan.
Arazoak modu zuzen eta egokian bideratzeko erreferentzia bat izan behar dira unibertsitateak, gatazkak bideratzeko bide errepresiboak alboratuz interes ezberdin eta kontrajarrien talka beste ereduekin bideratzeko gai izan behar gara. Errektore talde berriaren erronka bat izango da, zalantzarik gabe. Baita ikasle, irakasle eta AZP langileena ere, komunitate osoaren erantzukizuna den neurrian.
UPV/EHUn asko dugu egiteko herri ikuspegia nagusituko duen unibertsitate ereduaren alde, behar beharrezkoa izango da eragileon arteko elkarlana eta elkar ulertzea. Hor dago, gure ustez, Euskal Herriko Unibertsitatea eraikitzeko bide emankorrena.