Banakako erreklamazioak egiteko garaia
Behin behineko langileen lan baldintzetan eragina duten Europako Justizia Epaitegien azken sententzien harira, aurreko komunikatuan jakinarazi genizuen abenduaren 14eko Batzorde Parekidean azalduko zigula unibertsitateak sindikatuei administrazioaren jardunbidea gai honetan. LAB bileraren zain egon da aurrera begirako pausuak proposatu aurretik, beti lehenetsi izan dugulako negoziazio kolektiboa bide judiziala baino.
Aldiz, atzoko bilerak ezer gutxi argitu zuen. Nabarmentzekoa UPV/EHUk arriskurik ez hartzeko erakutsi zuen jarrera eta Eusko Jaurlaritzari aurrea ez hartzeko erabakia, ezta sententziaren eragina argia den kasuetan ere. Beraz, unibertsitateak oraingoz ez du kalte-ordainik ordainduko ofizioz, Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua deitu arte eta bertan administrazioek jarrera bateratua adostu arte.
Bitartean, unibertsitateko zerbitzu juridikoek behin-behineko kontratu ezberdinak aztertzen jarraitzen dute eta, oraingoz, kontratua amaitzean 20 eguneko kalte-ordaina eskatzeko eskubide argia duten kasuak aipatu zituzten:
- bitarteko irakasle laboral doktoreak
- behin behineko lankide doktoreak
- doktoratu ondoko kontratuak (ikertzaileak)
Bestetik, Unibertsitatearen esanetan argi dago ere kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izateko kontratuaren epea amaitzearen edo titularren itzuleraren ondorio izan behar dela zesea, ez kontratu berri bat sinatzen delako.
LABen iritziz unibertsitatearen interpretazioa oso murriztailea da eta kanpoan uzten ditu aipatutako eskubidea eduki dezaketen beste kontratu batzuk. Baina gauzak argitzen doazen bitartean epeak aurrera doaz. Gogoratu pertsonal laboralen kasuan kalte-ordainak eskatzeko kontratua amaitu eta urtebeteko epean jarri behar dela erreklamazioa. Horregatik, 2016 urtean zehar behin behineko kontraturen bat amaitu bazaizu (goian aipatutako kontratuetako bat ez bada ere) eta kalte-ordainak eskatzeko eskubidea duzula iruditzen bazaizu, jar zaitez gurekin harremanetan kasua aztertzeko eta eginbiderik hoberena zein izan daitekeen ikusteko. Gure eskubideak defendatzeko aukerarik ezin dugu galdu!
Lehenengo pausoa unibertsitatearen aurrean erreklamazioa aurkeztea izango da eta horretarako ereduak prestatu ditugu, kasuaren arabera. Ondoren, beharrezkoa izanez gero, bide judizialera jo beharko da. Jakin ezazue tramiteetan aurrera egiteko ondorengo dokumentazioa prestatu behar duzuela: kontratua, zesea (kontratuaren amaiera), bizitza laborala eta azken urteko nominak.
Bestalde, gogoratu mugagabe ez-finko bihurtzeko erreklamazioa kontratuak edo izendapenak irauten duen bitartean egin ahalko dela edo, laboralen kasuan, kontratua/izendapena bukatu ondorengo 20 egunetan. Kasu honetan tramitea egiteko kontratuak, bizitza laborala eta nomina beharko dira.