Ez-ohiko seiurtekoen deialdiak. Borrokak merezi du!

Martxoaren 9an ireki da IRI laboralentzako seiurtekoak eskatzeko epea, eta martxoaren 30ean bukatzen da. Oraingo honetan, ohiko deialdiaz aparte, bi ez-ohiko deialdi daude. Ez-ohiko deialdi hauek sindikatuek irabazitako errekurtsoan exekuzioagatik egin behar izan ditu UNIBASQek. LABek eta STEILASek urteak daramatzate seiurtekoen deialdietan zenbait IRI kolektibok pairatzen duten diskriminazioaren aurka borrokatzen: mobilizazio ugari, negoziazio saiakerak eta errekurtso judizialak. 2017an eta 2021ean sartu genituen errekurtsoak IRI kolektibo gehiago sartzeko (2017koa ELAk ere errekurritu zuen). Lehenengo errekurtsoa 2018an sartu genuen eta 2025eko urrian sententzia irmoa jaso genuen, Auzitegi Goreneraino heldu zen bide judizial oso luzearen ostean. Epaian, aldi baterako irakasle lankideen kolektiboaren eskubidea onartu zen, baina ez irakasle elkartuena. 2021eko deialdia ere errekurritu genuen eta 2025ean sententzia irmo bilakatu du euskal autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Epai honetan irakasle atxikiak (orain laguntzaile doktoreak direnak) sartzea lortu dugu baina berriro ezezkoa jaso dugu irakasle elkartuen kasuan. Beraz, indarrean dauden sententziak exekutatzeko 2017 eta 2021eko ez-ohiko deialdiak egin behar dira kolektibo hauetan zeuden irakasleentzat. 2017koa ELAk negoziatu du, aldeko ebazpena lehenago jaso baitzuen.

2021eko deialdian, urte horretan ziren IRI atxikiek eta aldi baterako irakasle lankideek parte hartu dezakete eta 2021ean mota horietako lanpostu bat bitarteko kontratu baten bidez betetzen ari ziren lan-kontratudun irakasleek ere.

2017ko deialdian, urte horretan aldi baterako irakasle lankideak zirenek eta mota horretako lanpostua bitarteko kontratu baten bidez betetzen ari ziren lan-kontratudun irakasleek ere parte hartu dezakete.

Zenbait alderdi hartu behar dira kontuan ez-ohiko deialdi hauetan parte hartzeko: (1) ebaluazioak errekurritutako deialdiaren irizpideen arabera egingo dira, (2) UNIBASQeko zuzendariak negoziatu du aurre-akordio bat lortzen diren seiurtekoak ANECAk homologatu ahal izateko, (3) lortzen diren seiurteko hauen zenbatekoa txikiago (agregatuaren zenbatekoarekiko % 15,3 gutxiago) izango da (ia) BETIRAKO zazpigarren seiurtekoa lortu eta lehenengoarekin ordezkatzeko aukera izan arte), (4) atzerapenak kobratuko dira eta (5) egungo eskaeraren urteak barne hartzen dituzten lortutako seiurtekoei uko egin beharko zaie bakarrik ez-ohiko deialdian seiurteko bat lortzen bada (2017 edo 2021eko ez-ohiko deialdian seiurtekoa(k) ez lortzekotan, orain aitortuta dauden seiurtekoak dauden moduan geratuko dira). Erabakia ez da erreza, norberak egin behar ditu kontuak erabakitzeko ea komeni zaion ala ez.

Ondorio moduan, argi dago bide judiziala luzeegia dela (askoz gehiago langileen alde irabazitako epaiei UNIBASQek berak helegiteak jartzen badizkie, era ohikoan gertatu zen moduan…). Bide batez, sindikatuen aldeko epaiak automatikoki errekurritu ez daitezen eskatzen dugu, horrek guztiak irabazten diren errekurtsoen aplikazioa konplikatzen baitu. Hala ere, errekurtsoek lortu dute pixkanaka-pixkanaka kolektibo berriak sartzea seiurtekoen deialdietan. Borrokak merezi du, bai mobilizazioak zein bide judiziala ere.

Oraindik geratzen dira kolektibo diskriminatuak, adibidez behin-behineko ikertzaileak. Jarraituko dugu borrokatzen ikertzen duten IRI guztiek seiurtekoak lortzeko eskubidea izan arte.

Informazio guztia hemen.