ADI!!! TOKI ALDAKETA: Kontzentrazioa Gasteizko Andra Mari zuriaren Plazan otsailaren 23an 11:00etan.
Datorren astelehenean VOX alderdi ultraeskuindar, xenofobo, matxista eta euskarafoboak ekitaldi bat antolatu du EHUko Gasteizko campusean. Ekitaldi horren kokagune gisa Euskal Herriko hiriburu bateko campus bat aukeratu badu, argi dago zein den bere helburua: istiluak eragin, polarizazioa elikatu eta bere zalegoari bazka ematea.
Bilatzen duten agertokiaren aurrean, ezinbestekoa deritzogu egun horretan mobilizatzea, gure unibertsitatean eta gure herrian faxismorik ez dugula nahi ozen adierazteko. Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen, aniztasuna bere egingo duen eta denon eskubideak bermatuko dituen Euskal Herria nahi dugula aldarrikatzeko.
Astelehenean, eta urte osoan zehar, ezinbestekoa deritzogu faxismoari erantzun argia, tinkoa eta eraldatzailea ematea. Sistemaren aurkako diskurtsoa darabilen alderdi politiko horren atzean elite ekonomikoen interesak daudela seinalatzea. Bere mezu xenofoboari gure konpromiso antirrazista indartuz erantzutea. Bere jarrera patriarkal eta matxisten aurrean, eraldaketa feministaren aldeko apustua berrestea. Bere jardun euskarafoboaren aurrean Euskal Herria euskalduna eta burujabea aldarrikatzea.
Labur bilduz: euren eraso eta probokazioen aurrean, indartu dezagun Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka. Unibertsitateko komunitateari eta oro har Gasteizko herritarrei dei egiten diegu astelehenean bertan, otsailaren 23an, 11etan Andra Mari zuriaren plazan egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko.
