Garbiñe Aranburu: "Ezkerreko eragileen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua"

9. Biltzar Nagusian LABen Idazkari Nagusi berria izateko aho batez hautatua izan da Garbiñe Aranburu. Etxeko lanak eginda iritsi da sindikatua Biltzar Nagusi honetara eta beste horrenbeste jarri dizkio bere buruari datozen urteei begira. Arlo politiko, sindikal eta sozialari begira lan egiteko borondatea du LABek eta guztiak izan ditu aipagai Garbiñe Aranburuk, “Iraultzen” aldizkariaren azken zenbakian egindako elkarrizketan. 

LABeko idazkari nagusi berria zara, nola ikusten duzu zure burua?
Ardura eta erantzukizun handiarekin, baina era berean ilusioz betea. Hasteko, azpimarratu nahiko nuke sindikatua dagoen lekura iritsi dela aurretik beste batzuk lan asko egin dutelako. Konkretuki, pertsona batzuk aipatu nahiko nituzke, haiekin egin dudalako nire ibilbidea zuzendaritzan eta haiekin konpartitu ditudalako azken urteak eta militantzia. Lehenik, Rafa Diez aipatu nahiko nuke. LABeko Idazkari Nagusi zela sartu nintzen zuzendaritzan, 2004ean. Ez du Biltzar Nagusian parte hartzeko aukerarik izan berriro. Jabi Garnika eta Ainhoa Etxaidek egindako lana ere ez dut ahaztu nahi, Biltzar Nagusi honetan zuzendaritza ardurak utzi dituzte eta haiekin ibilbide luzea egitea tokatu zait. Aipatu ditudan lagun horiek eta beste batzuk egindako lanagatik ez balitz, sindikatua ez litzateke egongo gaur egun dagoen lekuan.
Eta sindikatua?
Sindikatua osasuntsu ikusten dut. Ordezkaritza mailan eta ordezkaritzari dagokionez hazten joan da. Momentu honetan bigarren sindikatua gara EAEn, Nafarroan ere inoiz baino ordezkaritza altuagoa dugu %15eko langa gaindituta eta Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeetan oso emaitza onak lortu ditugu. Niri egoera hau egonkortzea gustatuko litzaidake, atzera pausorik ez ematea. Bestalde, sindikatu kohesionatu bat ikusten dut. Eredu sindikala berritzeko eztabaida prozesu oso bat martxan jartzeko gai izan den sindikatua da gurea.
9. Biltzar Nagusi honetan erronka mardulak jarri dizkio LABek bere buruari. Prozesua bera ezberdina izan da parte hartzea bultzatzeari begira.
Biltzar honetan hainbat berritasun izan dira. Gure helburua ahalik eta prozesu partehartzaileena izatea zen. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi genuen. Eztabaida prozesua jarraitzeko bideak erraztu asmoz, bitarteko berriak eskaini dizkiegu militanteei. Aplikazio berezi bat martxan jarri dugu afiliazioari prozesuaren jarraipena errazteko asmoz eta Biltzar Nagusiaren inguruko informazio guztia eskura izan zezan. Horrez gain, solasaldi sorta bat ere egin dugu Biltzar Nagusiko eztabaidan landu izan ditugun gai nagusien inguruan gehiago sakontzeko. Aurtengoan zuzendaritza aukeratzeko modua ere berria izan da, hau da, azken bi Biltzar Nagusietan zerrenda itxien bidez aukeratu zen Nazio Komitea eta oraingo honetan hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera egon da. Uste dugu aldaketa hau modu positiboan baloratu dela.

Ponentzietan hala jasotzen zen eta hala onartu da: feminismoruntz urrats berriak emango ditu sindikatuak. Zehaztuko al zenizkiguke?
Berritasun nagusia kapitalarekin dugun gatazka birdimentsionatzea izango da. Birdimentsionatze horrek eramango gaitu feminismoan sakondu eta urrats berriak ematera. Gure burua feministatzat aldarrikatzetik praktika feministaruntz urrats berriak emateko erabakia hartu dugu Biltzar Nagusi honetan. Urrats berri horiek emateko aipatutako kapital/bizitza gatazkari erantzungo dion estrategia sozio-sindikala garatuko dugu.
Bestalde, antolakuntza mailan ere erabaki berriak etorriko dira. Alde batetik, idazkaritza feminista indartuko dugu bitarteko gehiago jarriz, eta, bestalde, eskola feminista bat martxan jartzea erabaki dugu. Eskola hau formakuntzarako gune bat izango da, sindikatuko kideak lerro feminista horretan sakontzeko aukera emango diena.
Diozun bezala, Biltzar Nagusi honetako aldaketa handietariko bat kapital/lana gatazkatik kapital/bizitza gatazkara pasatzea izan da. Zer esan nahi du horrek?
Momentu honetan kapitalismoarekin dugun talka horri dimentsio berri bat eman nahi diogu. Kapitala eta lanaren arteko talka bere horretan mantendu baino, areagotu egin da azken urteetan. Horregatik iruditzen zaigu dimentsio berri bat eman behar diogula. Hain zuzen ere, garbi dago kapitalarentzat errentak eskuratzeko eremu nagusia lan harremanetan dagoela, lan harremanak prekarizatuz, soldaten eta lan baldintzen eraispenaren bidez. Lan harremanetan ematen ari den desarautze horren bitartez kapitala aberastasuna eta boterea pilatzen ari da.
Gure iritziz, egoera aztertzerako orduan bestelako faktoreak kontutan hartu behar dira. Hala nola, kontutan izan behar dugu lanak bere osotasunean aitortu gabe jarraitzen duela. Hau da, lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketak bere horretan jarraitzen du eta horrek emakumeenganako zapalkuntza bat suposatzen du. Gainera, lan mundura sartzen garenean bigarren mailako langile gisa kontsideratuak gara eta horrek dakar prekarietate maila altuagoa pairatzea eta soldata baxuagoak izatea.
Kontuan izan behar dugu ere sektore publikoan ematen ari den pribatizazio eta merkantilizazioa, baita aplikatu diren murrizketak ere. Bestalde hainbat eskubide, etxebizitza eskubidea adibidez, garatzeko aukerarik ere ez da egon. Gainera ez dago babes sozial sistema egokirik eta inoiz behar beste garatua izan ez den ongizate estatu horretan azken urteetan murrizketak izan dira. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den diru sarrerak bermatzeko errentarekinarekin. Honekin guztiarekin batera naturaren neurrigabeko ustiapen baten aurrean gaude.
Horrek guztiak eredu hau ez dela jasangarria, ez dela bizigarria, esatera garamatza, eta, horregatik, kapitaralarekin daukagun gatazka kapitala eta bizitzaren arteko gatazka gisa ezaugarritu behar dela diogu.
Ildo honetatik iritsi da ekintza soziala garatzeko beharra?
Bai. Bizitza duinerako eskubidea jarri behar dugu erdigunean eta horrek lan munduan ematen den prekarizazio prozesuari aurre egin behar izatea dakar. Horrekin batera, argi dugu ezin dugula mugatu soldatapeko langileen lan baldintzen hobekuntzara, langile kolektibo guztiei eskaini behar dizkiegu alternatibak. Eta LAB izan behar da erreferente bat langile kolektibo horientzat guztientzat. Alde batetik, gure praktika sindikalak eta antolatzeko moldeak egokituz, eta, bestetik, bizitzaren prekarizaziori aurre egingo dion eredu alternatibo baten, bestelako eredu sozio-ekonomiko baten eraikuntzan sakonduz. Horrek ekintza sozialeko egitura garatzeko beharra eskatzen du.