@Gob_eus @upvehu : Ikertzaileei soldata igoerak aplikatu behar zaizkiela eskatzeko idazkia erregistratu dugu jaurlaritzan, eta talde parlamentarioei helarazi diegu@predocasanblada pic.twitter.com/1eifjckjR0
— LAB UPV-EHU (@lab_ehu) January 31, 2019
Egun hauetan eztabaidatzen ari den langile publikoen 2019ko soldata-igoera arautuko duen lege proiektuaren harira, UPV/EHUko LAB sindikatuak ondorengoa adierazi nahi die Eusko Jaurlaritzari eta UPV/EHUri:
- 2016tik 2018ra arte langile publikoei egin zaien soldata igoera ez zaio UPV/EHUn lan egiten duen ikertzaile kolektibo handi bati aplikatu, (2016ko %1a, 2017ko %1a eta 2018ko %1,75a).
- 2019an %2,25eko igoera planteatzen da lege proiektu berri honetan.
- Aipatutako ikertzaileak langile publikoak dira, UPV/EHUrekin kontratu bat dutelako.
- UPV/EHUren arabera, 41/2008 dekretuan dago arazoa, ordainsariak laguntza-programa bakoitzean zehaztuko direla esaten duelako eta programa horietan soldatak ez direlako behar bezala eguneratu. Hala ere, dekretu hau, ikertzaileei dagokienez, aspaldi dago zaharkituta, estatuko 14/2011 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legea onartu zenetik, hain zuzen ere.
Hau guztia kontuan hartuta UPV/EHUko LAB sindikatuak ondorengoa exijitzen du:
- Azken urteetan langile publikoei aplikatu zaien soldata igoera (2016ko %1a; 2017ko %1a; 2018ko %1,75a eta 2019ko %2,25a), hau da %6,13 metatua, aipatu ikertzaileen soldatei ere aplikatzea.
- Igoera hori atzera eraginkortasunez ordaintzea.
- Horretarako 41/2008 dekretuan doikuntzak egin behar badira atal hau eta zaharkituta dauden gainerako atalak konpontzeko, egin daitezela.
- Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak beharrezko finantzazioa esleitu behar du.
LABek bere irmotasun guztia adierazten du eskubide hau lortzearen alde.