Irakasle-ikertzaileen 2024ko EPE: hobetzeko alderdi batzuk

Urriaren 21ean, hilabete bateko atzerapenarekin argitaratu zituzten agregatu eta titular lanpostuetarako lehiaketetarako behin-behineko zerrendak. Zerrenda horien arabera aukeratuko dira 2024ko EPEn lehiaketara aterako diren lanpostu zehatzak. Aipatutako EPEn 40 unibertsitate-titular lanpostu eta 107 agregatu lanpostu plaza berri jasotzen dira, eta I3/R3 akreditazioa daukaten ikertzaileentzako beste 27 lanpostu (12 unibertsitate-titular, 5 agregatu eta 10 ikertzaile doktore iraunkor). Halaber, barne promozioan 18 katedra eta 20 irakasle oso lanpostu aterako dira. Datuak aztertuta bi alderdi azpimarratu nahi ditugu. Alde batetik, Estatuak inposatutako birjarpen-tasak akreditatuta dauden ehunka pertsona behartzen ditu egonkortasuna lortzeko urteak itxarotera eta dozenaka promozionatzeko edota kategoriaz igarotzeko zain egotera. Ezinbestekoa da langileen eskubideak defendatzeko hemen erabakitzea. Bestalde, argi ikusten da errektoretzak 2022an erretiroen akordioa alde bakarretik haustearen eragin negatiboa. Izan ere, 2024ko EPEn txanda librean aterako diren plaza kopurua 174koa da, eta 2023koa 230 izan ziren, datu hauek aurreko urtean erretiratutako pertsonen kopuruarekin lotura handia daukala jakinik.

Hemen azaltzen den moduan, lanpostu zehatzak definitzeko sistema eta irizpideak aldatu dira. Errektoretzak sistema berria eta plazen banaketa negoziatzeko izan zuen borondate eskasa salatu behar dugu.

EPEren diseinuari buruzko honako eskaera hauek plazaratu nahi ditugu:

Lehentasuna irakasle-ikertzaileak egonkortzeak izan behar du. Hala ere, 5. blokea osatzen duten irakasle atxikiak eta 6. blokeko laguntzaile doktoreak 4. blokean dauden agregatu edo ikertzaile doktore iraunkorren atzetik daude. Modu honetan, jada egonkorrak diren langile hauei aukera emango zaie titular igarotzeko, egonkortzeko zain dauden hainbeste irakasle-ikertzaileen aurretik. Zerrendetan agertzen diren kopuruak kontuan hartuta, 34 izango lirateke agregatutik titularrera pasatuko liratekeenak, 2023an baino 20 plaza gehiago. Aldiz, egonkortzeko erabiliko diren plaza kopurua jaitsi da 179tik 113ra (I3/R3 akreditazioa daukaten ikertzaileentzako plazak kontuan hartu gabe). Agregatu izatetik titular izatera pasatzeko aukera itxi gabe, berresten gara aurreko EPEetan eta irizpide berriak aurkeztu zizkigutenean egindako eskaeran: egonkortzeak lehentasuna izan behar du.Aurtengo EPEn Errektoretzak atzera egin du nabarmenki.

– Irakasle-ikertzaile lanpostu iraunkorretarako lehiaketaren araudi berria duela gutxi onartu bazuten ere, berresten dugu ez dela zuzena agregatua izateko hiru proba egin behar izatea eta titularra izateko bi. Bereziki larria da agregaturako lehiatzen direnek zozketaren bidezko irakaskuntza-gai bat azaldu behar izatea eta titularrerako aurkezten direnek haiek beraiek aukeratutako gaia. Euskal legeak hori agintzen badu ere, ez da batere onargarria. Eusko Jaurlaritzaren aurrean beharrezkoa den lana egin behar du EHUko gobernu taldeak ezinbesteko aldaketa horiek bideratzeko. Orain arte egin ez duena.

– I3/R3 akreditazioa daukaten ikertzaileentzako 27 lanpostuetatik bakarrik 10 izango dira ikertzaile doktore iraunkorrerako. Errektoreordetzaren esku dago ikertzaile horientzat (eta ez bakarrik Ramón y Cajal programako ikertzaileentzat) legez gorde behar diren plaza berrien % 15 ikertzaile doktore iraunkor moduan ateratzea. Horrek, beren ikerketa-ibilbidean sakontzea erraztuko luke. Hala ere, ikertzaile horiek irakasle-ikertzaile plazetara bideratzea lehenesten dute.

Kasu horietan, irakasle plazen hizkuntza profila pertsona zehatzaren profilari doitzen da. Era horretan, jada kasu batzuetan gertatu den moduan, ohiko praktika bihurtuko da euskararik gabeko irakasle plaza berriak sortzea. Aurrekari oso arriskutsua EHU euskalduntzearen bidean. Errektoreordetzatik bultzatutako dinamika hori salatzen dugu, beste behin ere. Sortzen diren irakasle plaza berriek euskara profila izan behar dute.

Ikerketa-irakasle plazak sortzeko eskaerak bideratu badira ere, errektoretza taldeak jarraitzen du ikertzaile doktore iraunkorrei beren ikerketa-ibilbidean promozionatzeko eskubidea urratzen. Presioak behartuta, azken bi ikasturteetan sailei figura hori eskatzeko aukera eskaini arren, oraindik ez dituzte lanpostu horiek esleitzeko irizpideak definitu. Definitu duten bakarra, sindikatuen iritzia jaso gabe, ikertzaile horiek irakasle oso eta katedradun izateko itxaroten ari diren beren lankideekin lehiaketan sartzea izan da. Hamarkada bat baino gehiago daramagu egoera anomalo horrekin, baina borondate eta aurreikuspen falta dela eta, ikertzaile horiei eskubideak urratzen jarraitzen dute. Irtenbide zuzen bat martxan jarri behar da ahalik eta lasterren.