Jardun Akademikoaren Plana: Zuzenketa puntualak ez dira nahikoak!

Jakingo duzuenez, pasa den astean Irakasleen Errektoreordeak gutuna bidali zien sailburuei, dekano eta zuzendariei Jardun Akademikoaren Plana (JAP) berraztertzeko ordua iritsi dela esanez eta “hobetzeko ekarpenak” egiteko epea otsailaren 27ra arte irekita dagoela informatuz.
Berandu dator, Gobernu Kontseiluan onartutako proposamenak bi urteko epea zehazten bai zuen JAPa ebaluatzeko. Baina, garrantzitsuena, ez da espero genuena. Orain arte Irakasleen Errektore ordeak denbora falta argudiatu izan du azterketa sakonik ez egiteko eta soilik “aldaketa txikiak” onartzeko. Iaz, sindikatuon eskaerei erantzunez, 2015ean prozesu ireki eta parte hartzailea martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen orain arteko emaitzak aztertu eta JAParen inguruko eztabaida sakona bideratzeko. Horregatik, zur eta lur gelditu gara gutunaren edukia irakurri dugunean. Hau al da JAPa sakonki ebaluatzeko iragarritako prozesua? LABen ustez, berriz ere zuzenketa puntualak egiteko prozesu mugatua ireki du unibertsitateak, puntuak batetik bestera mugitzeko azokatxoa, eta epe laburrean egin beharrekoa gainera.
Aurreko komunikatu batean ereduaren inguruko azterketa sakona atzeratzeak sortzen zion kezka adierazi zuen LABek, JAParen diseinuak irakasleen lan baldintzetan eta promozioan duen eraginagatik. Kezka areagotu egin zen JAParen aplikazioaren datuek erakusten eta ezkutatzen zutena ikusita, datuak ulergaitzak badira ere.
Hasteko, datuak aztertzerakoan nabaria da Rajoyren 14/2012 Errege Dekretua eta JAPa bereizteko unibertsitatearen nahia, Gobernu Kontseiluak onartutako proposamenean 14/2012 Errege Dekretuaren baldintzak JAPean barneratuta bazeuden ere. Banaketa horren ondorioz, irakasle funtzionario eta laboralen seiurteko biziek ez dute trataera berdina jasotzen. Irakasle funtzionarioak 14/2012 Errege Dekretuaren baldintzak jarraituz sailkatu eta seiurteko biziengatik aitortzen zaizkien kredituak JAPetik kanpo uzten diren bitartean, irakasle laboralenak JAParen baitan jasotzen dira, bi kolektibo horien artean diskriminazio egoerak sortuz.
Horrez gain, JAParen eragina 7.000 eta 8.000 kreditu bitarteko errekonozimendura mugatzen da (esan bezala, funtzionarioen seiurteko biziak barneratu gabe) eta, LABen ustez, hauen esleipena ere ez dator bat JAPak definizioz dituen intentsifikazio helburuekin (irakaskuntzan, ikerkuntza ala kudeaketan). Azken datuek erakusten dute kredituen aitorpenak desorekak sortzen dituela ikerketaren eta irakaskuntzaren artean, ez dela egokitzen jakintza arlo ezberdinen ezaugarrietara, eta euskararekin lotutakoak gutxietsi egiten dituela, besteak beste. Gainera, irakasle asko geratzen dira sistematik kanpo.
Kontuak horrela, aldaketa txikiak ez dira nahikoak. Hausnarketa sakona eta benetako birplanteamendua egiteko denbora hartzea eta prozesu parte hartzailea irekitzea ezinbestekoa deritzogu, bidezkoa eta orekatua izango den intentsifikazio eredu bat lortze aldera.
LABen iritziz, hauek lirateke plan berriaren oinarrietako batzuk:

  1. Irakasle guztiei zabaldua, izan ere bere aplikazioak eragina du planetik kanpo gelditzen direnen lan baldintzetan (ordezkoetan eta batez ere partzialenetan).
  2. Irakasle funtzionario eta laboralen arteko diskriminazio egoerak ekiditen dituena.
  3. Ibilbide akademikoan aurrera egiteko aukera berdinak izateko 24 kredituko topea duena.
  4. Jakintza arloen arteko desberdintasunak kontuan hartzen dituena.
  5. Irakaskuntzan zama handia izanik aurrera begirako ibilbide akademikoa ikerketara bideratu nahi dutenentzat bideak aurreikusten dituena.
  6. Ikerkuntza, irakaskuntza eta kudeaketa modu orekatuagoan tratatzen dituena.
  7. Irakaskuntza gainkarga ezkutuak kontuan hartzen dituena (taldeen tamaina, irakasgai kopurua, hizkuntza desberdinak, zentro eta campus desberdinak, irakasgai berriak,…), Docentiaz programak egiten duen antzera.
  8. Euskararekin lotutako ekarpenak modu egokian aitortzen dituena.
  9. Gizarteari arlo ezberdinetan egiten zaion ekarpena saritzen duena (kultura, jasangarritasuna, lankidetza, berdintasuna, kulturaniztasuna,…).
  10. Kontziliazioa, gaixotasunak, lizentziak,…. ibilbide akademikoan duten eragina kontuan hartzen dituena.

Zuzenketa puntualak ez dira nahikoak, hausnarketa sakona orain!