Lan Kontratadunen erretiro partzialaren akordio berria

Aurreko asteko ostiralean, irailaren 26an, LABek TEKAZEL Lan Kontratadunen erretiro partzialari dagokion akordio berria sinatu zuen administrazioarekin. Plan berri hau, Estatuaren 11/2024 Lege Dekretura egokitzen da, LABek egindako ekarpen batzuk barneratzen dituelarik.

LABen ustez akordio ona lortu da oraingoan. Hasteko, murrizketak Lege Dekretuak ezartzen dituen aukeren artean langileentzat onuragarrienak izatea lortu dugu. Izan ere, erretiroa hartu baino 3 urte lehenagotik bigarren urtera arte %33ko murrizketa ezarri da, dekretuan aukera %20tik %33era delarik. Bestalde, erretiroa hartu baino 2 urte lehenagotik jubilatu arte, murrizketa %75ekoa izango da, legeak ahalbidetzen duen gehienezkoa, alegia.

Ildo beretik, beste batzuen artean, aukera ezberdinak egongo dira murrizketen ondoriozko lanorduak betetzeko, adibidez:

  • Lan ordu guztiak metatzea jardunaldi osora.
  • Jardunaldi murriztua hasieratik bukaerara.
  • Urteka jardunaldia metatzea.

Eskaerak egiteko ez da epe edo deialdi zehatzik egingo. Norberak noiznahi egiteko aukera egongo da, hori bai, administrazioak EPEen bidez bete behar dituenez errelebo kontratu berri eta mugagabeak, erretiro partziala hartzeko eguna baino 24 hilabete lehenago egin beharko da eskaera, gorago aipatu dugun Lege Dekretuak administrazio publikoetan sortu duen arazoak konponbiderik ez baitu oraindik.

Era berean, gehigarri iragankor bat barneratzen da 24 hilabeteko epea beteko ez dutenentzat, horretarako, aurki irekiko den epe bat ezarriz 2026an edo 2027an erretiro partziala hartu nahi dutenentzat.

Halaber, Erretiro partzialarekin bateragarriak izango dira adinagatiko ordutegi murrizketa, antzinakotasunagatiko oporretako baimen berezia, genero arrakalagatiko baimen berezia eta Lan Hitzarmeneko 106 artikuluak arautzen duen erretiroa aurreratzeko baimena.

Esan bezala, espainiar estatuko legediak baimentzen duen tartean, akordio ona erdietsi dugula iritzi diogu. LAB beti egongo da prest, langileen aldekoak diren akordioak sinatzeko eta lortu ahal ditugun onurak lan-kontratudun zein eta funtzionarioei zabaltzeko.