Lanean ere askatasunez bizi gaitezen, indarkeria matxistak ikusgarri egin!

Prebentziorako, formakuntza eta informazioa funtsezkoak dira!

LAB sindikatuak ibilbide luzea du lan arloan ematen diren indarkeria matxisten aurkako borrokan eta salaketan. Konpromiso horretatik, urteak daramatzagu salatzen indarkeria hau —egiturazkoa, sistemikoa eta gure bizitzako eremu guztietan presente dagoena— lantokietatik ere borrokatu behar dela.

EHUn ere, ez dugu soilik salatutako kasuetan jarduteko jarraibideak ematen dituzten protokoloak eskatzen; neurri horiek benetan martxan jartzea ere eskatzen dugu, bereziki PREBENTZIORAKO helburuarekin. Hau da, informazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-neurriak sustatzea, ez soilik protokoloen existentzia ezagutarazteko, baizik eta indarkeria matxisten aurkako jarrerak eta portaerak eraldatzeko eta egunerokoan lantokietan gertatzen diren indarkeria mota horiek detektatu eta desagerrarazteko.

Horregatik, eta EHUn dauden protokoloak benetako indarkeria matxisten prebentziorako tresna erabilgarriak izan daitezen, EHUri eskatzen diogu:

  • Indarkeria matxisten prebentziorako prestakuntza barne-prestakuntza planetan txertatzea, bai lehendik jasotakoa sendotzeko, bai langile berriei ere prestakuntza hori bermatzeko.
  • Emandako prestakuntzaren eraginaren diagnostikoa egitea, hurrengo alderdiak jasoz:
    • Prestakuntzaren ondorioz gertatutako jarreren aldaketak.
    • Martxan jarri diren antolakuntza-aldaketak.
    • Emakumeen pertzepzioa protokoloak haien babesa eta segurtasuna hobetu ote duen baloratzeko, indarkeria matxista bizi ahal izateko arriskuaren aurrean.

Hau guztia martxan jartzea eskatzen dugu 2026ko martxoaren 8a baino lehen.

Borroka honek etenik ez duenez, aurten ere mobilizazioak antolatu ditugu eta bertaratzera animatu nahi zaituztegu. Mezu honi atxikita aurkituko dituzu deialdi ezberdinen xehetasunak.

Amaitzeko, berriz diogu: ASKATASUNEZ BIZI NAHI DUGU LANTOKIETAN. Sindikalgintzatik, indarkeria matxistak eta haien oinarri diren jarrerak eta sinesmenak borrokatzen jarraituko dugu, fronte guztietan.