Martxoak 17: Greba Orokorra. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hemen erabaki. LGS 1.500€.
Zerbitzu publikoak ere hemen erabakitzeko!
Batzarrak EHUn
Datorren martxoaren 17an Hego Euskal Herrian Greba Orokorra deitu dugu 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa eskatzeko eta soldatak hobetzeko, gure lurraldeko errealitate sozialera eta ekonomikora egokitua egongo den gutxieneko soldata ezartzeko, eta, oro har, soldatari dagozkionak hemen erabaki ahal izateko.
Patronalak irabaziak handitzen jarraitzen duen bitartean, langile klasearen bizi baldintzek okerrera egin dute. Bizitzaren kostua garestitu da, etxebizitzaren prezioak gora egin du, energiarenak eta elikagaienak ere bai, eta azken urteotako inflazioa jasangaitza izatera iritsi da. Bitartean, langileon soldata duinak bermatzeko borondate politiko faltak, herritarren arteko desberdintasunak areagotu ditu, bereziki emakumeen, gazteen eta pertsona migratuen artean.
Hezkuntza publikoan bertan oraingoz badira 1500€ko gutxieneko soldatara iristen ez direnak: langile zuzenak diren EHUko ikertzaile predoktoralak eta EHUko ordezko irakasle partzialak; eta hezkuntza publiko osoan azpikontratatzen diren edo lanaldi partzialak dituzten garbiketako eta jantokietako langileak. Prekarietateak eta soldata arrakalak gure ikasgelak zeharkatzen ditu, gure lankideak, ikasleak edo familiak.
Baina hau Euskal Herriko Zerbitzu Publikoen eta bertoko zuzeneko langileen aldeko greba ere bada. Espainiar estatutik lan-harremanak zentralizatzen ari dira. Honek lan baldintza okerragoak inposatzea dakar; soldata igoerei mugak jarriz, behin-behinekotasuna betikotuz erreposizio tasen bitartez, plantillaren haunditzeari mugak jarriz etabar. Horregatik Patronalek eta hemengo Gobernuek zein erakunde desberdinetako agintariek ez dute interesik ez LGSa ez gainerako lan baldintzak hemen erabakitzeko. Besteak beste zerbitzu publikoetan daramaten ildo pribatizatzailea eta prekarizatzailearekin jarraitu ahal izateko Madrilen hartutako erabakien aitzakipean.
Askotarikoak gara hezkuntza komunitatea osatzen dugun langileak. Ez dugu onartuko langileen pobretzea ahalbidetzen duen eskolarik ez unibertsitaterik. Hezkuntzatik ere irakatsi diezaiegun belaunaldi berriei, gure aurrekoek egin bezala, Greba Orokorra tresna legitimo eta beharrezkoa dela helburu horiek lortzeko.
Horregatik guztiarengatik, zuei, EHUko langile guztioi, batzarretara gonbidatzen dizuegu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak Martxoaren 17ko greba azaltzeko.
Hurrengo egunetan zuengana hurbilduko gara:
- Leioan, otsailaren 24an, 11:00etan, Liburutegi eraikinaren 6B gelan (Master)
- Bilbo Ingeniaritzan, otsailaren 25an, 11:00etan, II eraikinean P0I1 Areto Nagusia
- Gasteizen, otsailaren 27an, 11:30etan, Ingeniaritza Eskolan – Gradu Aretoan, 2. solairuan
- Sarrikon, martxoaren 9an, 11:30etan, B.013 gelan, Bulegoen eraikinean
- Donostian, martxoaren 10ean, 11:00etan, Carlos Santamariako 5 gelan
Oharra: baimena dago bilerara bertaratzeko, beharko duenak bertaratze orriak izango ditu.
Gerturatu zaitez!
Denon artean lortuko dugu!
Hustu ditzagun Hego Euskal Herriko haur eskola, eskola, ikastetxe eta unibertsitateak!
