Martxan da Osagarrien 2016ko Deialdia!

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua
Gaurko EHAAan argitaratu da osagarrien 2016ko deialdia, eta beraz hilabeteko epea ireki da eskaerak aurkezteko. Nahiz eta beranduegi etorri, albiste ona da, zeren eta hainbat irakasle-ikertzaileri atea irekiko baitzaie ordainsari hauek lehenengo aldiz eskuratzeko, baita ebaluazio berri bat eskatzekoa ere 2015ean kontsolidatzera aurkeztutakoei.
Hauexek dira deialdi honen ezaugarri nagusiak:

  • Eskaerak aurkezteko epea: irailaren 9tik urriaren 8ra, biak barne.
  • Lehenagoko deialdiren batean ebaluatu bazaituzte, oraingora aurkeztu ahal izateko bost urte igarota egon behar dira ebaluatutako epearen amaieratik. Salbuespena: B1 edota C2 tramuak eskatzeko ez dago bost urte horiek itxaron beharrik.
  • A eta B tramuak ebaluatzeko sei hilabeteko epea dagoenez, seguruenik erantzunak 2017an jasoko dira eta, beraz, 2018ko urtarriletik aurrera kobratuko lirateke.
  • C tramuak, ordea, kanpoko ebaluazio-prozesurik behar ez dutenez, 2016a amaitu aurretik ebazteko konpromisoa dago eta 2017ko urtarriletik aurrera kobratzekoa.

Hauexek dira 2015eko deialdiarekiko aldaketak:

  • Ebaluazioa eskatzea da aukera nagusia, kontsolidazioa kasu berezi batzuetara mugatuko da eta. Gogoan izan, bestalde, 2015eko deialdian eta ondorengoetan eskuratutako osagarriak kontsolidatuta geratuko direla.
  • 2015koan kontsolidazioa eskatu zutenek, 2016koan tramu berrietarako ebaluazioa eska dezakete, aurrekoak galtzeko arriskurik gabe.
  • Ebaluazio-epea ezin izango da moldatu: nahitaez, 2016ko urriaren 8ra arteko merituak hartuko dira aintzat.
  • 45,46 €-ko tasa ezarri du Unibasq-ek A edota B tramuen eskatzaileentzat, merituak ebaluatzeak dakarren kostea aitzakia harturik.
  • Merituak lau txostenetan antolatu beharko dira Unibasq-en aplikazio informatikoan (irakaskuntzakoak, ikerkuntzakoak, kudeaketari lotutakoak eta indize bat).

Bukatzeko, ez ahaztu 2013ko eta 2014ko deialdiak ere gauzatu beharko direla epaitegietan lortu ditugun garaipenen ondorioz, baina 2016kora aurkezteak ez du eragotziko ondoren 2013kora edo 2014kora aurkeztea, baldintzak betez gero. Kasu horretan, 2015ekoan edo 2016koan lortutakoari uko egin beharko zaio.
Informazio ofiziala hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude