Estatuko Gizarte Segurantzak argitaratu berri duen ohar batean iragartzen da doktoretza aurreko ikertzaileen kontratuen kodea berriro ere aldatu egin dutela, 401 motakoa izatera itzultzeko, “lan eta zerbitzu jakin baterako” kontratu izatera, alegia. Lorpen honek dudarik gabe frogatzen du borroka eta antolakuntza ezinbestekoak direla bidegabekeriak gelditzeko. Zoriondu nahi ditugu formazioko ikertzaileak, izan duten erantzunagatik.
LABek berresten du bere kritika Estatutik etorri den eta UPV/EHUk aplikatu duen eraso honen aurka. Kritikatu nahi dugu hilabete igaro behar izan delako LABek egoera hau salatu eta negoziazio mahaia deitzea eskatu zuenetik Administrazioak gaia tratatzeko bilera batera deitu arte.
Baina, esan dugun bezala, atzera buelta ez da nahikoa. LABen ustez, arazo honen betiko konponketa ikertzaileen karrera osoa definitzetik etorriko da, formazioko ikertzaileen kontratuetatik hasita irudi finkoetara arte.
Bestalde, abagune hau aprobetxatu behar dugu kolektibo honen egoera prekarioa azaleratu ondoren bere lan-baldintzak duintzeko. Hurrengo erronken artean, honakoak: kontratu amaierako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea borrokatzea eta kolektiboaren baitan dauden ezberdintasunak saihestea, bai soldatetan, bai lan-baldintzetan.
Bada garaia ikertzaileentzako lan baldintza duinak bermatuko dituen irudi laboral aproposak garatzekoa! Eusko Jaurlaritzak eta Unibertsitateak badute ardura honetan ere.
Bide horretan lanean jarraituko dugu.