Oraingoan, errektoretzak tesiak amaitzeko lizentzien akordioa ere apurtu nahi du

EHUn MURRIZKETA GEHIAGORIK EZ!!!

Tesia amaitzeko lizentziaren luzapena itxaroten ari ziren irakasle batzuek uztailaren 19an EHUko Pertsonalgo Gerenteordetzatik mezu bat jaso dute, luzapena emango ez zaiela adieraziz. Gaurko Gobernu Kontseiluan IRI arloko Errektoreordeak adierazi du lizentzia luzapenak emango direla baina ez dela deialdi gehiagorik egongo. Sindikatuak ez gara informatuak izan erabaki honetaz.

2010etik indarrean dagoen UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboaren 52. artikuluak dioenez (Prestakuntza eta mugikortasunerako baimenak), Gobernu Kontseiluak arautuko ditu irakasle eta ikertzaileek hobetzeko edo prestakuntza osatzeko lizentziak eta baimenak.

Tesia amaitzeko baimenak Gobernu Kontseiluak 2011ko otsailaren 10ean onartutako Erabakiak arautzen ditu (Doktore titulurako ikasketak egiteko lizentziak arautzekoa), eta akordio hori indarrean dago, ordutik hona Gobernu Kontseiluak gai honen inguruan erabaki berririk hartu ez duela.

LABetik, Lan Hitzarmenean eta aipatu Akordioan arautzen diren tesiak amaitzeko lizentziak orain arte bezala ematea eskatzen dugu. Azken hilabeteetan Errektoretzak aldebakarrez erabaki dituen murrizketa segida eten behar dugu: erretiroa hartzeko plana, ordezkapenen kontratazioa…  Langileen prekarizazioak, jendearen bizitza duinak galarazteaz gain, unibertsitate beraren ikerkuntza eta irakaskuntza-kalitatearen kaltetze larria dakarrelako.

ASKI DA, MURRIZKETA GEHIAGORIK EZ!!!