UPV/EHUko ordainsari-osagarri gehigarrien ibilbidea oztopoz beteta egon da ia hasieratik: etenak (2011tik 2014era, lau urtetan zehar ez ziren deituak izan), murrizketak (2015ean ezarri zen ebaluazio protokoloaren formula, lehenengotik aurrera, ebaluazio aldi bakoitzean osagarri bat baino gehiago igotzea galaraziz) eta eragin ekonomikoen atzerapenak (deialdia-ebaluazioa-ordainketa tartea 2 urtera luzatuz B-A osagarrientzat). Orain, ebaluazio protokoloaren inguruan azken urteotan bizi izan dugun auzia aitzaki hartuta beste atzerapen bat gehitu nahi digute, urteko osagarrien deialdia urtebete atzeratuz.
Halaxe egin zuten 2018 eta 2019 urteetan eta halaxe egin dute berriz ere 2020an. Izan ere, aurten ireki berri den deialdia ez baita urtekoa, 2020koa alegia, aurreko urtekoa baizik, 2019koa. Modu honetan, 2015eko deialdian urte horretako merituak aurkeztu zituzten irakasleek ezin izango dute oraingoan B/A osagarrietara aurkeztu, lehen ebaluatutako tartetik bost urte pasatu badira ere. Bost urteko epe hori de facto 6 urteko bihurtu dute (eskatu ahal izateko; kobratzeko, 7 urte pasatu behar…).
Beste behin ere esan beharra dago lansari-osagarri gehigarrien sistema hau EHUko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldaten urritasuna osatzeko edo konpentsatzeko modu bat dela, funtsean. Baita egindako lana saritzeko modu bat ere, jakina, baina guretzat, sindikatu gisa, lehen alderdi hark du, batez ere, garrantzia. Horregatik irizten diogu horren mingarria ezarri eta normalizatu nahi den urtebeteko atzerapenari.
Egoera normalizatzeko, LABek eta Steilasek exijitzen dugu 2020ko deialdia datorren urtearen hasieran egitea, ahalik eta lasterren, 2021ean zehar ebazten dela bermatzeko, eta hurrengo urteetan ziklo berdina mantentzea. Era berean orain ireki den deialdiaren C tarteak aurten esleitzea eskatzen diegu Unibasq eta Gizarte Kontseiluari.
Errektore talde berriak, benetan EHUko langileen alde badago, badauka lehen konpromiso bat hartzeko aukera momentu honetan. Entzungo ditugun hitzen gainetik konpromisoak eta ekintzak behar ditugu.
Nahikoa da langileoi dagokiguna osteaz!
Osagarriak denboran eta azpijokorik gabe!
Erantzun bat “Osagarriak: iruzur gehiagorik ez! Urtean, dagokion deialdia!” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.