Unibertsitate pribatuei alfonbra gorria zabaltzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak

Euskal unibertsitateen legea eta erizaintzaren adibidea

Informatu genizuenez [1], Euskal unibertsitateen legearen aurreproiektuari LABek 145 ekarpen egin zizkion gai askoren inguruan, euskal jendartearen beharrei erantzuten dien unibertsitate publiko indartsua bermatzeko, non, besteak beste, finantzaketa, langileen lan-baldintzak edota euskarari arreta berezi eman genien. Era berean, unibertsitate pribatuei diru publikoa jasotzeagatik betekizun batzuk ezartzea eta exijentziak handitzea eskatu genuen. Funtsezko alderdietan gure ekarpenak ez dira onartu.

Euskal Herriko mendebaldeko hiru probintziatarako garatzen ari diren lege berria euskal jendarteak behar duen legetik oso urrun dago. Aurreko komunikatuan adierazi genuen moduan, unibertsitate publikoa ez indartzeaz gain eta beharrezko finantzaketa bermatzeko oinarri sendoa ez ezartzeaz gain, unibertsitate pribatuei exijentzia maila askoz baxuagoa ezartzen die, dirua txeke zuri baten antzera ematen die eta erraztasun gehiago ematen die hazteko eta finantzaketa publikoa jasotzeko.

EHUrekiko utzikeria mantentzen den bitartean, azken hilabeteetan ikusi dugun bezala [2] [3], unibertsitate pribatuen aldeko tratua nabarmenagoa da berriki aurkeztu duten aurreproiektuaren bigarren bertsioan. Izan ere, LABek eta beste eragile sozial batzuek egindako alegazio gehienak baztertuta izan diren aldi berean, unibertsitate pribatuetarako exijentziak lausotu egin dira are gehiago artikulu batzuetan. Hona hemen adibide batzuk:

  • Lehen irabazi-asmoko unibertsitateak ez zeuden jasota diru publikoak jasotzeko lege-aurreproiektu proposamen berrian, bai.(1)
  • Proposamen berrian baliabide ekonomikoen eta langileen kudeaketari buruz kontu emateko mekanismoak ezartzetik salbuesten dituzte unibertsitate pribatuak, baita ikerketa eta ezagutza transferitzeko jarduerak garatzeko baliabideen bilketaz kontu ematetik. (2)
  • Laguntza publikoak jasotzekotan, unibertsitate pribatuei exijitutako maila unibertsitate publikoaren parekoa izatearen aipamena kendu dute eta irabazi-asmoko unibertsitate pribatuei diru publikoa jasotzeko bidea are gehiago ireki diete. (3)

Lege-aurreproiektuan jaso duten eta saldu nahi diguten unibertsitateen arteko harmonizazioa unibertsitate pribatuen aldeko beste pauso bat da, lege honen bitartez etorkizuneko unibertsitate esparrua moldatuko duena.

Aldi berean, EHU dimentsionatu eta titulazio jakin batzuetan matrikula gehiago ahalbidetzeko finantziazioa, baliabideak eta numerus claususak handitu beharrean, unibertsitate pribatuei titulazio horietan graduak emateko alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak. EUNEIZ unibertsitatean Erizaintza gradua martxan dago jada, Unibasq-eko txostena behaztopaz behaztopa gainditu ostean (web-ean dagoen txostena irakurtzea baino ez dago, gradua onartzeko eskuzabaltasun handiz jokatu dutenaz ohartzeko…).

Eusko Jaurlaritzak saltzen duen unibertsitateen arteko osagarritasuna hori dela ematen du: unibertsitate publikoak hiru campusetan eskainitako gradua irabazi-asmoko unibertsitate batean ere eskaintzea erraztea. Hau gutxi balitz, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailburuari EHUk erizaintza plaza-kopurua handitzeko eskaera ez duela egin entzun behar izan diogu. Izan ere, erdi-egia horrekin, unibertsitate publikoaren hornitze ez-nahikoa ezkutatzen saiatu da. Aurreko urteetan erizaintzako plaza gehiago eskaintzeko eskaera egin da EHUtik, baina plaza nahiko eskaintzeko baliabide gehiago behar dira (irakasleak, instalazioak, praktiketarako plazak…) beharrezko ikasle-taldeak sortzeko. Eusko Jaurlaritzak ez du bermatu baliabide horietarako beharrezko finantzaketa eta soilik plaza gutxi gehiago eskaini ahal izan dira “zero kostuan”, ikasle-talde berriak sortu gabe. Bitartean, erizaintzako eskaera handiak suposatzen duen negozio-aukera ikusita, EUNEIZek lortu du bere erizaintza gradua martxan jartzea, 8.400 eurotako matrikularekin…

Halako keinu guztiek erakusten digute zein den eredu neoliberalaren defendatzaileek ezarri nahi duten euskal unibertsitate-sistema.

Aktibatu eta antola gaitezen euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publiko, propio, euskaldun eta burujabearen alde!

Unibertsitate pribatuekiko fabore-tratuaren aurrean, unibertsitate publikoa defendatu!

Hau ez da behar dugun unibertsitate-legea!