Unibertsitate pribatuak sortzeko irizpideak zorrozteko Gobernu espainiarraren saiakerak zeresan handia eman du azken boladan. Eskuinak, argudio bat edo beste bat erabilita, gogor kargatu du asmoaren kontra.
Estatu espainiarreko komunitate batzuetan eta Euskal Herrian bertan ere azken urteetan, unibertsitate pribatu berrien igoera mehatxu argia da unibertsitate publikoetarako eta, orokorrean, gizartearentzako. Irabazi asmoko unibertsitateen gorakadak arazo asko dakartza, besteak beste:
- Ikasketa unibertsitarioen eta ikasleen formazioaren kalitatearen kontra doaz. Horrek, etorkizuneko profesionalen prestakuntza kolokan jartzen du (titulua izan baina beharrezko ezagutza eta gaitasunak ez duten egresatuen kopurua gero eta handiagoa izango da).
- Ikasleak lortzeko unibertsitate publikoarekin lehian sartzen dira. Horrek kolokan jartzen ditu unibertsitate publikotik eskainitako gradu eta master batzuk. Jakina da unibertsitate pribatuek beren “produktua” saltzeko dauzkaten publizitaterako baliabideak…
- Diru publikoa lortzeko lehian sartzen dira. Bide zuzenean edo zeharka, formaziorako eta ikerketara bideratutako funts publikoen parte batek unibertsitate pribatuak finantzatzen ditu.
- Goi-hezkuntzaren elitizazioa elikatzen du. Unibertsitate pribatuen matrikulak ezin dituzte ordaindu ikasle eta familia askok. Horrek segregazioa suposatzen du, unibertsitate mailan.
Arrazoi horiengatik eta etorkizunean areago daitekeen egoeraren aurrean neurri zorrotzak hartzea defendatzen dugu, hezkuntzaren merkantilizazioa eta negozioa egiteak gidatutako unibertsitate gehiago ez sortzeko. Era berean, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea eskatzen dugu. Datu bat emateagatik, USLOk 2030erako BPGren % 1 izatea helburutzat badu ere, EHUk Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen finantzaketa EAEko BPGren % 0,42 baino ez da. Baliabide nahikoak behar ditugu kalitatezko unibertsitate publikoak indartzeko, euskal jendartearen beharrei egoki erantzuten diena.
Eusko Jaurlaritza Gobernu espainiarrak iragarritako neurrien kontra agertu da, konpetentzien inbasioaren argudioarekin. Argi daukagu Euskal Herriko unibertsitate publikoen garapena hemen eraiki eta erabaki behar dugula, baina eskumenen inbasioa ezin da aitzakia izan hemen bertan unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzeko, gertatzen ari den moduan. Azken negoziaketen ondorioz, online unibertsitateak, irizpide batzuen menpe bada ere, Eusko Jaurlaritzaren menpe geratzea ez da batere nahikoa bide horretan. Beste alde batetik, aurrekariak ikusita, unibertsitateak kategorizatzeko semaforoak orain arte egondako permisibitatea kolorez apaintzeko balio dezakeenaren susmoa daukagu.
Eskumenen inbasioaren aitzakian babestuta, ezinbestekoak diren neurriak leuntzeko saiakeran ari da Eusko Jaurlaritza. Irmotasun bera ez du erakusten unibertsitateen erabateko transferentzia eskuratzeko, Euskal Herrian behar dugun Unibertsitatea eraikitzeko ahaleginean pauso garrantzitsua izango litzatekeena.
Euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea hemendik arautu eta kudeatu behar dugu, kanpoko inposaketarik gabe, baina eskumenen inbasioa ezin da izan aitzakia irabazi asmoko euskal unibertsitate pribatuei atea irekita mantentzeko.