Imanol Pradales Lehendakariaren hautu argigarria unibertsitate pribatuen alde

Pasa den astelehenean EHUko ikasturte hasieraren ekitaldira Imanol Pradales EAEko Lehendakaria ez zen etorri ; bere presentzia hiru lurraldeetako unibertsitate ezberdinen artean txandakatuko duela plazaratu zuen. Aurten Deusto, 2027an Mondragon izan daiteke onuraduna, eta hurrengoan Euneizi ere egokitzen zaiola iragarriko digu agian. Horrela, Imanol Pradales jaunak unibertsitate publikotik berriz pasatu gabe amai dezake bere agintaldia. Ezagutzen dugu EAJren eremu pribatuaren aldeko jarrera, baina oraingoan, Imanol Pradales pausu bat haratago joan dela uste dugu. Zeri eman edo kentzen zaio balioa horrelako erabaki bat hartzen denean? Unibertsitate publikoari zentraltasuna eman beharrean zer adierazi nahi digu Lehendakariak? Zer da bultztatu nahi dena?

Bada, LABen oso argi daukagu eta oso larritzat jotzen dugu azken mugimendu hau. Jendartearen kohesiorako, ezagutza zabaltzeko eta gure herriak aurrera egiteko sortu zen instituzio publikoa da Euskal Herriko Unibertsitatea, erabateko zentraltasunean kokatu beharreko instituzioa izan beharko litzatekeena. Aitzitik, Imanol Pradalesek hartutako norabidearekin, argi dago zentraltasun hori lausotuta geratzen dela ; unibertsitate pribatuak hauspotzea ekarriko duen mugimendu pentsatu eta neurtu honek kaltea besterik ez baitio ekarriko EHUri, finantziazio ez nahikoarekin batera, epe luzera gainbeherara eraman dezakeelarik.

Goian aipatu bezala, oraingoan Eusko Jaurlaritzan pausu bat aurrera eman dute, EAJren lerrokatze neoliberalean eta unibertsitate-hezkuntzaren merkantilizazioan jauzi bat aurrera. Keinu arriskutsu honekin, maskara kendu dute eta zuzenean eta lotsarik gabe, instituzio publiko batetik unibertsitate publikoak eta pribatuak maila berean jarri. Sistema harmonikoa aipatzen da Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege berriaren zirriborroan eta LABen badakigu harmonia horrek zer ekarriko duen, ekuazioa oso erreza baita, aurrekariak baitauzkagu, zenbat eta pribatu gehiago orduan eta publiko gutxiago.

Unibertsitate publikoaren defentsan!!