2016 eta 2017ko lan kontratudunen LEParen azterketak, datorren urteko Aste Santuan

Gaur, uztailaren 3a, Administrazioaren eta sindikatuen arteko Batzorde Negoziatzailearen bilera egin dugu, 2016 eta 2017ko Lan Eskaintza Publikoaren Oinarri Orokor eta  Espezifikoak zehazteko.
Oinarri Orokorrak, aldez aurretik landuak zeudenak, birpasatu egin dira eta behin, jorraketa bukatuta, itzultzera eramango dira.
Bestetik, Oinarri Espezifikoak ere landu dira, I. taldekoetatik abiatuta. Bertan erabaki diren puntuak gainontzeko taldeetako Oinarrietan ere jasoko dira.
Behin hori eginda, Pertsonaleko Gerenteordeak Administrazioak 2016 eta 2017 urteko Lan Eskaintza Publikoaren inguruan eskuartean dituen daten berri eman du. Honakoak izango lirateke:

  • Irailaren 27an, Oinarri Orokor zein Espezifikoak UPV/EHUren Gobernu Kontseiluan onartzeko proposamena.
  • Urriaren 1ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta parte hartzeko eskaera aurkezteko epea hasi.
  • Urriaren 20an, eskaerak aurkezteko epea bukatu.
  • Azaroaren 20an, Onartuen behin behineko zerrendak eta Epaimahaikideen zerrendak argitaratu.
  • Abenduaren 20an, Onartuen behin betikoen zerrendak, Galdera sortak  eta azterketen deialdiak argitaratu.
  • 2019ko apirilaren 18,19, 20, 21 eta 22an, azterketak egin.
  • Apirilaren 30ean, oposaketa fasearen behin behineko emaitzak argitaratu.
  • Maiatza bukaeran, oposaketa fasearen behin betiko emaitzak. 
  • Maiatzean euskararen ezagupena egiaztatzeko probak eta merituen akreditazioa.
  • Uztailean, lehiaketa fasearen merituen behin behineko puntuazioak argitaratu.
  • Abuztuan, merituen behin betiko puntuazioak argitaratu.
  • Abuztuan edo irailean, hautatutakoen behin betiko zerrenda argitaratu.
  • Irailean edo urrian, plazen esleipena.

Aipatu datak gutxi gora beherakoak dira (aldaketa txikiak egon daitezke), baina Administrazioak argi adierazi du azterketak 2019ko Aste Santuan egingo direla.
2018ko LEPa dela eta,  ez da gaurko bileran jorratu. Administrazioak, beraz, ez du proposamen zehatzik mahai gainean jarri, momentuz.