Polizia operazio batekin esnatu ginen beste behin atzo. Oraingoan, Goardia Zibilak UPV/EHUko hiru ikasle atxilotu ditu eta Letren, Farmazia eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateetako ikasle gelak miatu ditu, hainbat material eramanez (ordenagailuak, kartelak, dokumentuak…).
Agindua Auzitegi Nazionaletik zetorren eta komunikabide batzuetan argitaratutako informazioen arabera, 2017ko irailaren 27an, Gudari egunean, Zigor Aranbarri hildako ETAko kideari egindako omenaldiarekin lotuta egongo litzateke. Hain ohikoak eta zehazkabeak bilakatu diren “terrorismoari gorazarre egitea” eta “biktimak umiliatzea” dira aurpegiratzen dizkieten delituak.
EHUko LABen sail sindikaletik gogor salatu nahi dugu operazio errepresibo hau eta elkartasuna helarazi atxilotutako ikasleei eta beren senideei. Beste behin ere, agerian geratzen da batzuek daukaten iraganekiko nostalgia. Argudio eta eskaintza politiko demokratikorik ez daukatenean indarkeria baino ez darabilte. Euskal Herrian historikoki pairatu dugun errepresioa presente mantentzen da halako erasoekin. Gaueko ordu txikietan egindako atxiloketek eta erregistroek gaurkotasuna mantentzen dute gurean. Itxaropen zuhurrerako seinale batzuk atzematen diren aldi honetan, gaur bezalako operazioek, berriro, gogorarazten digute Estatu espainiarraren benetako izaera eta Euskal Herriarekiko daukaten benetako proiektua: eskubideen urraketa eta beren kontaketa kolokan jartzen duen pertsona ororen kriminalizazioa, neurrira eraikitako ustezko delituekin.
Polizia-indarren presentzia ez da berria EHUko Campusetan. Oraingoan Goardia zibila izan bada ere, behin baino gehiagotan sartu da Ertzaintza bera ere EHUk kudeatutako eremuetan. Azkena, ezelako agindu eta, ustez, EHUren baimenik gabe, 2017/03/16an. Oraingoan gaueko ordu txikietan burutu dute, langile eta ikasleak heldu baino lehen, eta zentroetako zuzendaritza taldeek jakinarazpena jaso gabe. Ikasle gelen erregistroen lekuko bakarrak Campusean zeuden zelatariak izan dira. Honek agerian uzten du erregistro hauen berme eza, eta zalantza pizten digu: EHUren segurtasunaren buruak baimendu ote ditu erregistroak? EHUko zelatariak Goardia Zibilari ateak zabaltzea (ustez, unibertsitateko Zuzendaritzaren inori esan gabe) EHUk Ertzaintzarekin adostu baina inork ezagutzen ez dituen Protokoloetako batetan jasota dago?
Ezin dugu onartu Goardia Zibila eta edozein polizia indar gure unibertsitatean nahi duten momentuan eta nahi duten moduan sartzea, ezta sartze hutsa ere. Zentzu honetan EHUko zuzendaritza taldeari unibertsitatearen esparrua, autonomia eta beren ikasleen eskubideak defendatzea exijitzen diogu, ez baita nahikoa «azalpenak eskatzea» eta jarduketa hauekiko «kezka» adieraztea, beraiek “oso jokabide larritzat” jotzen dituztenean. Oinarrizko bermeak eta eskubideak ziurtatuak izatea eta horien aldeko jarrera irmoa adieraztea eskatu dakiokeen gutxienekoa baita.
Oinarrizko eskubide eta bermeen defentsan
Goardia Zibila UPV/EHUtik at!
Ez ditugu nahi. Ez ditugu behar.