50. urteurrenaren harira, Maiatzaren Lehenean manifestazio eta jaialdi nazionala antolatu ditugu Iruñean

LABen 50.urtemugako ospakizun betean dator aurtengo Maiatzaren Lehena. Une gozoa da sindikatuarentzat, zalantzarik ez. Hala ere, ez diogu gure bilakaerari bakarrik begiratzen. Gure misioa langileen lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea da, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak eragitea.

Langileon egoerari erreparatuz, testuinguru globalak ez du baikortasunerako tarte handirik uzten. Geroz eta bortitzagoa da kapitalismo heteropatriarkal eta koloniala: dirua eta boterea esku gutxi batzuetan metatuta, zaintza krisia, krisi ekologikoa zein munduan zehar eragindako gerrak.

Sindikatuak eginiko azterketa ezberdinetan dualizazioa ikusten da: euskal langileen %50 baino gehiago egoera prekarioan bizi dira, izan beharturiko eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ari direlako, langabezian daudelako edo 1400€-tik beherako soldata kobratzen dutelako. Bizi baldintza duinak dituztenen eta egoera prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. Sistema honek langileen artean genero, adin nahiz jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak sortzen ditu.

Jarraitu irakurtzen lab.eus web orrian ->