Atzo, otsailak 12, Irakasle-ikertzaileen (IRI) negoziazio mahaia bildu zen ikerketako Errektoreordearekin eta IRIko Errektoreordearekin. Bileran, aldi baterako ikertzaileentzako araudi-proposamen bat aurkeztu zen. Dokumentuan, hiru gai garrantzitsu zeuden, guztiak soldatei buruzkoak:
1.- Ministerioaren deialdietako doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak EPIPFera (Estatuto del personal investigador predoctoral en formación) egokitzea.
2.- EHUren deialdiko doktoretza ondoko kontratuaren soldata Eusko Jaurlaritzaren deialdikoarekin parekatzea, kopurua nabarmen jaitsiz.
3.- Ikertzaile Kontratatuen (IK/PIC gazteleraz) soldata jaistea; IK doktoreei irakasle atxikien soldata esleituko litzaieke, eta doktore ez direnei laguntzaileena.
LABek, beste behin, adierazi zuen beharrezkoa dela lan-hitzarmenaren ikertzaileei dagokien atalaren gaineko negoziaziori ekitea, aipatu atala zaharkituta dagoelako.
Halaber, defendatu zuen EPIPFa doktoretza aurreko ikertzaile guztiei aplikatzea, deialdia edozein dela, bete behar baitzen 2019ko martxoaren 16tik. Doktoretza ondoko ikertzaileen soldata jaitsierari dagokionez, LAB soldatak parekatzearen alde dago, baina ez batzuei soldata jaitsiz. Bestalde, LABek ohartarazi zuen IKen soldata jaistea ez zela legezkoa, IRIen ordainsarien buruzko 41/2008 Dekretua ez zelako aintzat hartzen.
Errektoreordearen erreakzioa dokumentuaren eduki ia guztia ezabatzea izan zen, 1. eta 2. gaiekin lotutako zatiak izan ezik. LABek planteatu zuen EPIPFa doktoretza aurreko ikertzaile guztiei egokitzeko puntua bereiztea, hori baita premiazkoena, baina erantzuna ezezkoa izan zen.
2019ko martxotik doktoretza aurreko ikertzaileei ordaindu gabeko diruari dagokionez, errektoreordeak argi utzi zuen Auzitegi Gorenak gaiari buruzko iritzia eman arte ez dela ordainduko. Horiek horrela, eta kontuan hartuta erreklamazio judizialik egiten ez bada martxoaren 16tik aurrera dirua behin betiko galtzen hasiko dela, zuen egoera ebaluatzera animatzen zaituztegu, eta, komeni bazaizue, ordaindu ez zaizuen zenbatekoaren erreklamazioa egitera. Erreklamazioak egin nahi dituzuenek zerbitzu juridikoen bidez aurkez ditzakezue. LABek prozesu horiek aurrera eramateko bere burua eskaintzen du; izan ere, dagoeneko erreklamazioak tramitatzen ari gara.
Erreklamazioa egitea komeni
zaizun ala ez baloratzeko laguntzea nahi baduzue, eta LABekin egin nahi baduzue,
jar zaitezte harremanetan gure bulegoetan dauden kideekin (www.labehu.eus). Haiek azalduko dizuete zeintzuk
diren bete beharreko baldintzak.
LABek bat egiten du doktoretza aurreko ikertzaileek antolatutako kontzentrazioarekin, ostiralean, hilaren 14an, 17:30etan (aurreratuta), Bilboko Bizkaia Aretoan. Mobilizatzeak beti merezi du!