LAB-ek gaur goizean Bizkaia Aretoan, Gobernu Kontseiluaren aurrean, deituriko elkarretaratzean aldi bateko irakasleei bosturtekoak ordaintzeko eskatu diogu EHUko zuzendaritzari. Izan ere, aitortuak izan arren, horien ordainketa Eusko Jaurlaritzak egin beharreko araudi-aldaketan zein epaitegietan erabakitzen denaren menpe dago gaur egun. Hori dela eta, langileen alde egin dezan eta irakasle ez-iraunkorrren eta iraunkorren artean dagoen diskriminazioarekin amai dezan exijitu diogu EHUri.
Duela bi urte lortu zen behin behineko irakasleek bosturtekoen deialdietan parte hartu ahal izatea eta irakaskuntzari dagokion meritu hau aitortuta izatea, irakasle iraunkorrek bezala. Hala ere, ez dira bosturtekoak kobratzen ari, eta soilik epaiak horrela agindu duenean ordaindu du EHUK. Ordainketa burutu ez izanaren erantzule nagusia Jaurlaritza dela ahaztu gabe -horrek baitu ordainketa ahalbideratuko lukeen 41/2008 dekretuaren aldaketa egiteko ahalmena- EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna ere badela salatu nahi izan dugu gaur goizean Gobernu Kontseiluaren aurrean egin dugun elkarretaratzean, aurreko astean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin genuen bezala.
Orain arte, EHUk epaien arabera ekin dio auzi honi, eta, gure ustez, unibertsitateak baditu tresnak ordainketa gauzatzeko, epaiek behartu arte itxaron gabe. Beraz, EHUko zuzendaritzari exijitzen diogu irakasleon eskubideak epaitegietan banan bana onartu arte itxaron beharrean, arazo kolektibo honi ekitea, langileon alde egitea eta aldi baterako irakasleei zor zaizkien bosturtekoak ordaintzea, irakasle ez-iraunkorren eta iraunkorren arteko diskriminazio egoera gainditzen joateko. Ez da batere onargarria EHUko zuzendaritza diskriminazio argi honen konplizea izatea. Ez da onargarria Eusko Jaurlaritzaren aurrean jarrera irmo bat erakutsi beharrean, bere langileei bizkarra ematea edota, helegitearekin gertatu zen bezala, zuzenki kontra egitea.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu 41/2008 dekretuan irakasle guztiei aitorturiko bosturtekoei dagozkien diru-kopuruak jaso ditzan.
UPV/EHUko zuzendaritza, Jaurlaritza, ez egin entzungor
Langileen arteko diskriminazioari ez!