UPV/EHUko doktore-aurreko ikertzaileen egoera prekarioa salatu genuenetik urrats batzuk eman dira. Alde batetik, Irakasle-Ikertzaileen Errektoreordeak negoziazio mahaia irekiko zuela iragarri zuen, baina, tamalez, oraindik ez da ezer aurreratu alde horretatik.
Bestalde, gogoratzen dizuegu formazioko ikertzaileen gaiaren inguruan EHBilduk ez legezko proposamena aurkeztu zuela Eusko Legebiltzarrean, eta gaia Lana eta Justizia Batzordean tratatu zela.
Ekimen horren ondorioz, ekainaren 1ean Eusko Legebiltzarrak, PPk ez besteko talde guztiek aurkeztutako erdibideko zuzenketa bat aho-batez onartu du, Eusko Jaurlaritzari eskatuz hiru hilabeteko epean txosten bat prestatu dezala doktore-aurreko ikerlarien egoera integrala jasoz (zenbat diren, kontratu motak, soldatak, lantokiak eta abar), kolektibo horren egoeraren diagnostiko egoki bat egiteko asmoz. Diagnostiko hori izateak erraztuko du doktore-aurreko ikerlarien egoera hobetzeko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak identifikatzea. Urrats txikia bada ere, LABek positiboki baloratzen du, euskal instituzioek eta eragile sozialek euskal ikerkuntza eta ikerlarien karrera garatzeko markoa lortzearen bidean jartzen gaituelako.
LABek argi du, abagune hau aprobetxatu behar dugula ikertzaileen kolektibo osoaren lan-baldintzak duintzeko. Hurrengo erronken artean, honakoak: kontratu amaierako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea borrokatzea eta kolektiboaren baitan dauden ezberdintasunak saihestea, bai soldatetan, bai lan-baldintzetan. LABek jarraituko du helburu horiek lortzeko lan egiten.