Kaixo lankide
Euskaraldia amaitu berri da, gizartean euskararekiko inoizko aldeko jarrerarik altuena duen testuinguruan, baina, hala ere, oro ez da urre, eta LAB-EHUko Sail Sindikaletik hausnarketa batzuk partekatu nahi ditugu zuekin.
Ezagunak dira Euskal Herrian azken aldian euskararen normalkuntzaren kontra sortu diren jarrera euskarofoboak. Mezuak eta ekimenak, behin eta berriz errepikatzen direnean eta are gehiago, epaitegietatik datozen heinean, jendartean, zirimiriak bustitzen duen bezala, emeki-emeki bere arrastoa uzten doaz.
Euskarari behar duen garrantzia eta tokia eman behar zaio gure Euskal Herriko Unibertsitate publiko honetan, eta Errektoretza talde berriaren jarrera eta joera egokia izan diren arren, kontuz eta tentuz ibili behar dugu bertan ere. Badakigu oldarraldi honen atzean nortzuk dauden; hau guztia ez da gertatzen epaile batzuk sententzia euskarofobo desberdinak eman dituztelako. Epai horien atzean hainbat sindikatu daude gehienetan, eta beraiek ere badira administrazio desberdinetan gertatzen ari den euskararen atzerakada horren erantzule. Hala ere, euskal gizartearen gehiengo oso handia jarrera eta erabaki horien kontra eta euskara Euskal Herri luze-zabalean zabaldu eta normaltasunez erabiltzearen alde agertu da.
Oldarraldi honi tinko egin behar diogu aurre EHUn ere. Administrazioarekin egiten ditugun bileretan, sindikatu batzuek, nahiz eta Euskalduntze Batzordeko bileretara bertaratu, ez dute ekarpenik egiten, ezta iritzi edo botorik ematen ere, eta beste batzuek errepikakorrak suertatzen diren mehatxuak baino ez dituzte egiten: “kontuz, epaitegietara joko dugu”; “zergatik hizkuntz eskakizun hau, ez badago kexarik?…”; Euskararen Erabilerari buruzko inkesta (19/2024 Dekretuak egitera behartzen duena) ez betetzea ere eskatu digute EHUko langileoi.
Mehatxu eta kexetan oinarritu behar al du Unibertsitateak Euskara Plangintza egiteko orduan? Edo lanpostu bati hizkuntza-eskakizunak jartzeko orduan? Ofizialak ez diren hizkuntzen maila guztiak baloratzen diren bitartean, euskararen (eskatutakoa baino maila altuagoa) balorazio eza onartu behar dugu? Sindikatu batzuen mehatxupean ibili behar dugu EHUn euskararen normalizazioaren bidean aurrera pausoak ematea lortzen dugun bakoitzean?
EHUko LABen sail sindikalean argi daukagu Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz normaltasunean ikasteko eta are gehiago lan egiteko oraindik lan eskerga daukagula aurretik. Hartara, eskaintzen den zerbitzuan eta hizkuntz eskubideak bermatzean oinarritu behar da barneko hizkuntza politika edo plangintza; alegia, euskaraz ikasi eta lan egiteko aukera erabatekoa izateak izan behar du helburua.
Esan bezala, bai epaitegietan eta baita EHU barruan ere, sortu den olatu atzerakoi honen kontrako dike irmoa izateko asmoa daukagu LAB-EHUn, eta jakina, norabide horrekin bat egiten dutenekin elkarlanean aritzeko prest egongo gara beti.